Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaiketa aretoa jendez beteta egon da lehenengo bi auzi saioetan. Auzipetuek euren senide eta lagunen babesa jaso dute Euskal Herritik egunero joandako autobusetan. Eta haiekin batera bidaia egin dute ordezkari politikoek eta sindikalek. Atzo bigarren horien txanda izan zen; han izan ziren, besteak beste, ELAko Adolfo Muñoz eta LABeko Ainhoa Etxaide, eta EILAS, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuetako kideak, LAB sindikatuko erretiratuen ordezkariak, Herrira mugimendukoak eta EHUko irakasle batzuk. Agenda kontuak tarteko, Lokarriko kideek Euskal Herritik helarazi zuten euren babesa.
Atzoko saioa amaitu ostean, kazetarien aurrean hitz egin zuen ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek. Auzi politiko gehiago egon ez dadin jarreraz aldatzeko eskatu zien PP eta PSOEri. Horrekin batera, gaur Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu zuen. 17:30ean abiatuko da martxa, Casillatik, Eskubide guztiak, proiektu guztientzat. Epaiketa politikorik ez lelopean. Epaiketak iraun bitartean mobilizazioak izango dira auzipetuen herrietan, besteak beste.
Auzi politikoak amaitzeko eskatu du euskal gehiengo sindikalak Madrilen
Sindikatuetako buruak auzipetuekin izan dira, eta Bilbon gaur egingo den manifestaziora joateko eskatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu