Ibarretxe auzia

Auzia artxibatu egin du epaimahaiak, akusazio partikularrik ez dagoelako

Jaurlaritzako lehendakaria, PSE-EEko eta ezker abertzaleko kideen aurkako epaiketa ez dute egingo, EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakiz. Fiskalak eta PSEko eta ezker abertzaleko defentsek epaileei ostegunean eskatu zieten bertan behera uzteko auzia; Ibarretxeren abokatuak epaiketarekin segitzeko eskatu zuen. 2006an ETAren su-eten garaian elkarrizketa politikoak egiteagatik auzipetu zituzten, Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia herri akusazioek eskatuta. Hauek Espainiako Auzitegi Gorenera joko dutela esan dute.

2009ko urtarrilaren 12a
15:28
Entzun
Jose Antonio Subinas, Juan Carlos Benito-Butron eta Manuel Diaz Rabago epaileek osatutako EAEko Auzitegi Nagusiak gaur jakinarazi du artxibatu egin duela Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia, Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkaria, eta Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena eta Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko kideen aurkako auzia.

Arrazoia: auzian akusazio partikularrik ez dagoela. Fiskaltzak ez zuen zigorrik eskatu eta herri akusazioa baizik ez zegoen -Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia elkartea-. Auzia prozedura laburrekoa izan da.

Hala, Botin auziko bide bera hartu du EAEko Auzitegi Nagusiak (ezaugarri berak zituen auzi hark), eta ez Atutxa auzikoa. Hemen iazko urtarrilean Espainiako Auzitegi Gorenak salbuespena egin zuen, zilegitasuna emanez herri akusazioari. Gorenaren arabera, epaileak neurri horri heldu dakioke ustezko delituak "interes kolektiboei" eragiten dienean. Gorenak kargugabetu egin zituen Juan Mari Atutxa, Gorka Knorr eta Kontxi Bilbao Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kide izandakoak, 2003an Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik.

Subinas eta Benito-Butron Ibarretxeren-eta aurkako epaiketa ez egitearen alde azaldu dira, Diaz Rabago epaimahaiburua ez. Hurrengo egunetan plazaratuko dute autoa.

Ermuko Foroa eta Dignidad y Justiciak Espainiako Auzitegi Gorenera joko dutela esan dute. Fernando Garcia Capello Ermuko Foroko abokatuaren ustez, EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia Atutxa auziko epaiaren kontrakoa da. "Auzi hark frogatu zuen kaltetua partikular bat ez denean ere herri akusazioak zilegitasuna baduela".

Lehengo osteguneko saioa

Maria Angeles Montes fiskalak eta Jone Goirizelaia ezker abertzaleko akusatuen abokatuak ostegunean -epaiketako lehen saioan- epaileei eskatu zieten akusazio partikularrik ez zegoelako bertan behera uztea epaiketa. Botin auzia aipatu zuten biek.

Goirizelaiak beste bi argudio ere erabili zituen: ezker abertzalekoen kontrako froga bat falta dela eta lau auzipetu kartzelan daudela-eta epaiketa prestatzeko zailtasunak dituztela.

Felix Rojo PSE-EEko kideen abokatuak ere epaiketa bertan behera uzteko eskatu zuen, akusazioaren "zilegitasuna" zalantzan jarri duelako.

Haien eskaerak deliberatzen aritu dira Subinas, Benito-Butron eta Diaz Rabago harrezkero. Gaur 9:30ean eman du berria Diaz Rabagok. Epaiketak aurrera segituko balu, zortzi akusatuek deklaratu egingo lukete gaur.

Ibarretxeren abokatu Mikel Casas ados azaldu zen fiskala eta bi abokatu haiekin, baina argitu zuen aurreko hilabeteetan kasuaren artxiboa eskatu izan duten arren, gaur eskaera hori erretiratu egin dutela. Izan ere, epaiketa egin eta "irabazi" egin nahi dutela adierazi zuen. "Elkarrizketa edo kartzela dio herri akusazioak. Guk elkarrizketaren aurrean, elkarrizketa diogu", esan zuen Casasek.

Herri akusazioek orain artekoari eutsi zioten ostegunean.

2006ko elkarrizketak

2006an elkarrizketa politikoak egiteagatik salatu zituzten Ibarretxe, PSE eta ezker abertzalekoak. akusazioen oinarri diren bilera horiek, ETAren su-etenaren garaian izan ziren, duela bi urte. Euskal gatazkari irtenbide elkarrizketatua emateko saioaren hasiera irudikatu zuten. Ibarretxek ezker abertzaleko ordezkariak lehendakaritzan hartu zituenekoa da lehen irudia. 2006ko apirilaren 19an batzartu zen lehendakaria Otegirekin, Barrenarekin eta Petrikorenarekin, su-etenaren ostean Euskal Herrian hasitako aroa aztertzeko alderdiekin hasitako elkarrizketa sailaren barruan.

Urte bereko uztailaren 6an, Lopez eta Ares bildu ziren Otegi, Etxeberria eta Dañobeitiarekin, Donostiako hotel batean. Bezperan, bilera hori baimentzen zuen autoa kaleratu zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak.

Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia elkarteek zalantzan jarri zuten bilera haien zilegitasuna. Legea urratzen zutela esan, eta salaketak jarri zituzten EAEko Auzitegi Nagusian. Horien eskaerak aintzat hartu, eta auzibidea abiatu zuen Roberto Saiz epaileak. Desobedientzia egin izana egotzi zien ezker abertzaleko ordezkariei. Desobedientzia egiteko beharrezko laguntzaile izatea gainerakoei.

Akusazioak urtebete eta lau urte arteko espetxe zigorra eskatu zuen ezker abertzalekoentzat, bi urte eta bederatzi hilabetekoa Ibarretxerentzat, eta bederatzi hilabete eta urtebete artekoa Lopezentzat eta Aresentzat.

Alderdien Legea

Espainiako Alderdien Legea dago akusazio horien atzean. Lege horretan oinarrituta legez kanporatu zuen Batasuna Espainiako Auzitegi Gorenak, 2003an. Alderdiaren jardunak eteteko agindu zuen. Akusazioen ustez, ezker abertzaleko ordezkariek, beste ordezkari batzuekin biltzean, urratu egin zuten agindu hori.

Fiskalak ez zuen zigorrik eskatu. Areago, auzia artxibatzeko eskatu zuen, deliturik ez zegoela esanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.