'EGUNKARIA AUZIA'

Auzia artxibatzeko eskaria egitea proposatuko du EAJk Donostiako Udalean

Udalean ordezkariak dituzten taldeei eskatuko die babesa azaltzeko auzipetuei eta absoluzio eskaria igortzeko auzitegiari. Bozeramaileen batzordean aurkeztuko du ekimena, EAJren arabera, alkateak uko egin diolako gaia osoko bilkuran lantzeari. EAk iragarri du bi emendakin aurkeztuko dizkiola EAJren agiriari.

2010eko otsailaren 22a
18:55
Entzun
Donostiako Udaleko taldeen bozeramaileen batzordean proposamena egingo du bihar EAJk, Egunkaria auzian auzipetuei babesa adierazteko eta Espainiako Auzitegi Nazionalari eskatzeko auzia bertan behera uzteko. Xabier Ezeizabarrena zinegotziaren arabera, Odon Elorza alkateak uko egin dio gaia osoko bilkuran aztertzeari, eta horregatik egingo dute proposamena bozeramaileen batzordean.

Sententzia zain daude Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai eta Xabier Oleaga. EAJk nahi du epaia iritsi aurretik igortzea udalak agiria auzitegiari, auzia artxibatzeko eta auzipetuak absolbitzeko eskatuz. Ezeizabarrenaren esanetan, adierazpen askatasunaren "interpretazio irekia" egin behar da, eta Egunkaria itxi izanak argi utzi du badaudela "eskasi nabariko auzi eta gaiak".

Eusko Alkartasunak iragarri du bi zuzenketa aurkeztuko dizkiola EAJren proposamenari, "adierazpena aberasteko" helburuarekin. Batetik, EAren asmoa da elkartasuna adieraztea Egunkaria-ko langile guztiei, auzipetuei ez ezik. Bestetik, EAk nahi du agiriak eskatzea itxierak sortutako kalteak konpontzeko.

Egunkaria 2003ko otsailean itxi zuten, eta iazko abenduaren 15ean hasitako epaiketa otsailaren 1ean bukatu zen. Etakide izatea egotzita epaitu zituzten Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai eta Xabier Oleaga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.