Espainiako Auzitegi Gorenak agerian utzi du ustez 2002ko abenduan Tarbesen (Frantzia) ETAri atzemandako dokumentu batzuetan oinarrituta Auzitegi Nazionalak abiatu zituen hainbat auziren ahulezia. Ustezko zerrenda bat aipatuta, dozenaka pertsona atxilotu zituzten urteetan, ETArentzat kideak atzematea egotzita. Atxiloketa prebentiboak izenarekin ezagutu ziren kasu haiek. Atxilotuek polizien aurrean egindako deklarazioak izan dira auzi horietan akusazioek frogatzat erabili dituztenak, eta horiek torturapean egin izana salatu zuten akusatuek. Ustezko dokumentu haietatik abiatutako auzi batzuk epaitu dituzte, eta beste batzuk epaitzear dira oraindik. Epaitu dituztenetatik asko absolbitu egin dituzte, eta beste hainbat, zigortu. Zigortzeko nahiko frogarik ez dagoela ohartarazi du, orain, Auzitegi Gorenak, helegite bati erantzunda, eta absolbitu egin du pertsona bat. Epaiketa berean zigortutako beste lau laguni ezarritako zigorrak nabarmen txikitzea agindu du, auzia arrazoirik gabe gehiegi luzatu dela argudiatuta.
Auzitegi Nazionalak ETAko kide izatea edo hari laguntza ematea egotzita 2009an epaitutako 13 auzipetuetatik bosti eragiten die gorenak kaleratu berri duen epaiak. Hamahiru horietatik zortzi absolbitu zituzten orduan, preso izanak zituzten arren.
Zugaitz Izagirre, Carlos Moises Martin, Alberto Gonzalez, Regina Maiztegi eta Mikel Garaiondo, berriz, zigortu egin zituen Auzitegi Nazionalak. Horien abokatuek helegitea jarri zuten, eta arrazoi eman die orain gorenak.
Froga falta
Garaiondo zigortzeko nahikoa frogarik ez dagoela ohartarazi du gorenak, eta absolbitu egin du. ETAri laguntza ematea egotzita sei urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta ia bi urtez izan zuten preso, 2003ko azaroan atxilotu zutenetik. Absoluzioa jaso duen auziagatik urtebete eta hamaika hilabete eman ditu kartzelan.
Gonzalezi eta Maiztegiri ere seina urteko zigorra ezarri zieten akusazio berarekin. Gorenak zigor horiek zuzendu, eta bi urte eta erdiko kartzelak agindu ditu orain, horientzat. Auzia gehiegi luzatu dela eta ez zegoela horretarako arrazoirik esanaz argudiatu du murrizketa, defentsarako abokatuei arrazoi emanda. Auzia abiatu zenetik zortzi urte igaro direla gogorarazi du, eta auziaren konplexutasunak ez zuela denbora hori eskatzen. Bi urte eta bederatzi hilabete egin zituzten preso badaezpadako neurri gisa; gorenak ezarritakoa baino gehiago.
Izagirre eta Martini zazpi urteko kartzela zigorra jarri zien Auzitegi Nazionalak, ETAko kide izatea egotzita. Auzia gehiegi luzatu dela argudiatuta, hiruna urtera gutxitu die zigorra gorenak. Izagirre da epaituen artean egun kartzelan dagoen bakarra, baina dagoeneko egin ditu hiru urte preso, eta, beraz, kalean egon beharko lute.
Martin, berriz, bi urte eta erdiz izan zuten preso. Hortaz, hiru hilabete geratzen zaizkio zigorra osorik betetzeko.
Auzia gehiegi luzatu dela eta, zigorra asko gutxitu die Gorenak bost laguni
Bi urtez preso eduki zuten pertsona bat errugabetu egin dute, Auzitegi Nazionalak sei urteko zigorra jarri arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu