Iruñeko sanferminetako lehen egunean bost gizonek bortxatu zutela salatu zuen 19 urteko andre batek. Iruñeko Instrukzio Epaitegiko epaileak auzipetu egin ditu gizonak, bost sexu delitu egotzita. Indarkeriaz egindako lapurreta eta mehatxuak egitea ere egotzi die. Epaileak 500.000 euroko bermea ezarri die auzipetuei, leporatzen dizkieten delituen larritasunagatik.
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak igorri duen oharraren arabera, Gazteluko plazan egin zuten bat bost gizonek eta emakumeak, uztailaren 7ko goizaldeko hiruretan. Gizonak, ustez, emakumea lagun egitekoak ziren, lo egin behar zuen autora. Bidean, etxebizitza baten atarian sartu zuten emakumea, "eskumuturretatik helduta" eta "beren nagusitasun fisikoa baliatuta".
Emakumea behin baino gehiagotan bortxatu zutela zehaztu du auzitegiak, "gertaerak grabatzen zituzten bitartean". Gero, eskuko telefonoa lapurtu, eta, gertukoekin harremanetan jartzeko modua oztopatuta, emakumea han utzi, eta alde egin zuten. Emakumea Nafarroako Ospitale Gunean artatu behar izan zuten, eta salaketa jarri zuen berehala. Bost gizonezkoak biharamunean bertan atxilotu zituzten, eta haiek espetxeratzeko agindua eman zuen epaileak uztailaren 9an.
Epaitegiak adierazi du emakumearen kontakizuna "argia" dela, eta gizonezkoek egin zuten bideo grabaketak "indartu" egiten duela hark salatutakoa. Epaileak bost sexu delitu egotzi dizkie auzipetuei. Irailaren 2an deklaratuko dute, espetxetik, bideo konferentzia bidez.
Nafarroako Gobernua, akusazio partikularra
Epaiketan, akusazio partikularra da Nafarroako Gobernua. Emakumeen aurkako indarkeria kasu "larrienetan" neurri hori hartzea jasotzen du 14/2015 foru legeak. Gobernuaren ustetan, "oso larriak" dira emakumeak salatu zituen gertaerak; bai "jasan zuen indarkeriagatik", bai erasotzaileek taldean eta "nagusitasun fisikoaz" baliatuta eraso ziotelako.