Eusko Legebiltzarrak adierazpena onartu du gaur arratsaldean, Egunkaria auziko bost auzipetuak absolbitzeko eskatzen duena. Aralarrek eta PSE-EEk adostutako mozioa babestu dute alderdi horietako parlamentariek, eta EAJkoek eta EBkoak. Ordea, Eusko Alkartasunak ez du parte hartu bozketan, agiria motz geratu delakoan. UPDk eta PPk aurka bozkatu dute. Absoluzioa eskatzeaz gain, auzipetuen lan egoeraz eta egoera sozialaz kezka agertu du Legebiltzarrak.
Aralarrek aurkeztu zuen jatorrizko mozioa, baina gaur goizean akordioa lortu du PSE-EErekin. Hartara, sozialistek ere bat egin dute absoluzio eskariarekin. Aralarreko legebiltzarkide Oxel Erostarbek salatu du "mina eginda" dagoela dagoeneko, "adierazpen askatasunerako eta informaziorako eskubideak urratu baitira". Eta galdera utzi du: "Nork konponduko ditu auzipetuek jasandako kaltea eta egunkari bat ixteak gizarteari eragindakoa?". PSE-EEk agiria babestu du, Aralarrekin hitzartuta. Jose Antonio Pastor bozeramaileak esan du "gehiegizkoa" izan zela euskarazko kazeta ixtea, eta bat egin du Fiskaltzaren absoluzio eskariarekin. Hala ere, onartu du "konponbide zaila" duela auzipetuei eragindako kalteak.
Aralarrek eta PSE-EEk hitzartutako agiria babestu dute EAJk eta EBk. Andoni Ortuzarrek (EAJ) adierazi du Egunkaria-k "ideien mundua aberastu" egin zuela, eta "erabat salbuespenezkoa eta larria" dela kazeta bat ixtea. Mikel Aranak (EB) salatu du oso mantsoa ari dela izaten auzibidea, eta elkartasuna adierazi die auzipetuei.
Eusko Alkartasunak ez du bozketan parte hartu. Jesus Mari Larrazabal kritiko azaldu da Aralarrek eta PSE-EEk adostutako agiriarekin. Larrazabalek deitoratu du onartutako adierazpenak ez dituela salatzen Egunkaria-ko auzipetuek ustez jasandako torturak. "Estatuaren zerbitzariek Estatua zerbitzatu zuten torturatuz", adierazi du Larrazabalek.
PPk eta UPDk aurka bozkatu dute. Carlos Urquijorentzat, "onartezina" da Legebiltzarrak gisa horretako adierazpena egin izana, botere legegilea botere judizialaren eremuan sartzea delakoan. "Eskerrak badagoen herri akusazioa", adierazi du. UPDko Gorka Maneirok ere "onartezintzat" jo du Legebiltzarrak adierazpena onartu izana.
Egunkaria 2003ko otsailean itxi zuten, eta iazko abenduaren 15ean hasitako epaiketa otsailaren 1ean bukatu zen. Etakide izatea egotzita epaitu zituzten Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joan Mari Torrealdai eta Xabier Oleaga. Epai zain daude bostak.
'Egunkaria auzia'
Auzipetuak absolbitzeko eskatu du Legebiltzarrak
Aralarrek eta PSE-EEk adostutako agiria babestu dute EAJk eta EBk ere. EAk ez du parte hartu bozketan, agiria gutxitxo irudituta. UPDk eta PPk aurka bozkatu dute. Legebiltzarrak auzia behin betiko ixtea galdegin dio auzitegiari, eta kezka agertu du auzipetuen egoeraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu