d3m-askatasuna auzia

Auzipetuek esan dute ETAk ez zuela agindu D3M eta Askatasuna sortzeko eta lan publikoa eta legezkoa egin zutela beti

[YouTube]http://youtu.be/GJUkjsfs6lo[/YouTube] Gaur hasi da D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta hamahiru auzipetuek bi ordu pasatxora bukatuta zituzten deklarazioak. ETAren aginduz lan politikoa egitea leporatzen diete, baina haiek esan dute herritarrei hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea bermatzeko asmoz aritu zirela. 109 urteko kartzela zigorra eskatu dute guztira. Oihana Elduaienek saioa zuzenean kontatu du 'Berriketan.info'-n, Madrildik. Bideoa (BerriaTB): auzipetuak goizean, auzitegi atarian.

2012ko maiatzaren 3a
17:36
Entzun

D3M Demokrazia Hiru Milioi plataformako eta Askatasuna alderdiko hamahiru auzipetuek epaiketako lehen egunean garbi utzi nahi izan dute ETAk ez ziela erakunde haiek sortzeko agindurik eman, Ekinek eta legez kanpoko beste erakundeek ere ez, eta haiek beti lan publikoa eta legezkoa egin zutela, herritarrei hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea bermatzeko asmoz.

Eusko Legebiltzarrerako 2009ko hauteskundeetara begira ETAren agindupean aritzea leporatzen diete hamahiru auzipetuei, eta, guztira, 109 urteko espetxe zigorraren eskaerari aurre egin beharko diete.

10:00etan zen hastekoa epaiketa, baina ordu erdi geroago ekin diote. 13:05erako bukatuak zituzten deklarazioak hamahiru auzipetuek, hogei minutuko tarte bat eta guzti egin ondoren. Espainiako Auzitegi Nazionalean ari dira epaiketa egiten, eta, auzipetu denek eta polizia batzuek deklaratu ondoren, 14:45 aldera bukatu da gaurko saioa. Bihar segituko du epaiketak, 10:00etan; guardia zibil eta polizia gehiagok deklaratuko dute.

Auzipetuen artean deklaratzen lehena Amparo Lasheras auzipetua izan da —denek defentsari baino ez diote erantzun—, eta adierazi du ETAk ez zuela agindu D3M sortzea. Lasherasek bere kabuz erabaki zuen plataformako kide izatea, esan duenez, garai hartan ideia batzuen hautagaitza falta zelakoan —ezker abertzaleko alderdiak legez kanpo zeuden—. "Parte hartze politikorako eskubidea" aldarrikatu du Manuela Fernandez, Ramon Saez Valcarcel eta Nicolas Poveda epaileen aurrean.

Gainera, Lasherasek azpimarratu du D3Mren lan denak publikoak izan zirela: prentsaurrekoak, ekitaldiak... Eta legezkoak ere bai. Adibidez, 2009ko bozetara aurkezteko, legeak ipinitako urratsak egin zituzten; besteak beste, sinadurak batzea. Gainera, esan du Espainiako Justiziak plataforma legez kanpo utzi zuenetik inolako ekimenik ez zutela izan. ”Hauteskunde helburua zuen; ez du gehiago ezer egin”.

Iker Rodrigoren txanda izan da gero. Fiskalak azaldu du hark aginduak ematen zizkiela gainerako auzipetuei, baina ezetz erantzun du Rodrigok, eta gaineratu du D3Mrekin izandako lotura bakarra hautagaitzaren aldeko sinadura ematea izan zela eta Askatasunarekin eta ETArekin ez zuela loturarik.

Antzekoa adierazi du ondoren Imanol Nietok. Aitortu du hauteskundeetan ahaldun aritu izan dela eta EHAKn lan egin zuela, baina beti legezko baldintza guztiekin jardun zuela. ”D3Mrekin dudan lotura Euskal Herriko 47.000 lagunek duten berbera da; alegia, sinadura eman izana”.

Ildo beretik jo du Elisabet Zubiaga auzipetuak. Hots, ETAn ez zuela parte hartu, eta bozetan legezko baldintzak betez aritu izan dela.

Agurtzane Solaberrietak azaldu du ANV alderdian komunikazio arloan lan egin zuela, atxilotu zutenean horretan ari zela eta D3Mrako ere komunikazio lan batzuk eginak zituela, baina bai ANV eta bai D3M legezkoak zirela orduan. D3Mn parte hartu bazuen, "egoera injustua" iruditzen zitzaiolako hartu zuen, Solaberrietak esan duenez, ez inork agindu ziolako, "ez ETAk, ez inork".

Arantza Urkaregiri prentsaurrekoak ematea egotzi dio Fiskaltzak. Bai, eman izan dituela, eta asko, erantzun du Urkaregik, baina sekula ez duela ETAren, Ekinen eta legez kanpoko beste erakundeen agindurik bete. "Urteak daramatzat lanean jendeak parte hartzeko eskubidea izan dezan. Lan politikoa izan da”. D3M kasuan sinadura eman zuela esan du, baina ez zela hautagai izan. 

Hodei Egañak kontatu du D3Mren ekitaldietan izan zela, baina mikrofonoak jartzen edota dekoratua antolatzen, bere lanbidea hori zelako. Plataformarekin, bestela, harremanik ez zuela azaldu du.

Unai Berrostegietak ildo bereko deklarazioa egin du.

Zuriñe Zorrozuak esan du Herria Aurrera Bilboko plataforman parte hartu zuenean araudiak eskatutako baldintza guztiak betez aritu zela eta herritarren parte hartzerako eratu zutela. Gaineratu du plataforma hura ez zela sortu ETAren, Ekinen edo Batasunaren aginduz.

Jose Antonio Munduate Askatasuna alderdiko presidentea izan zen, eta epaileei gogorarazi die legezko alderdi politikoa zela eta Espainiako Barne Ministerioan erregistratuta zegoela. "Inork ez zigun agindu alderdia sortzeko".

Xabier Isasak agertu du "milaka lagunen eskubide zibilak urratuta" gelditzeko zorian zeudelako erabaki zutela Askatasuna alderdia sortzea, ETAren agindurik jarraitu gabe.

Fernando Antiak aitortu du D3Mren sorreran parte hartu zuela, baina argitu du bere ekimenez aritu zela eta ez inoren aginduz. Plataforma eratzeko legezko tramite guztiak egin zituzten, haren arabera, baina D3M legez kanpo utzitakoan ez zuten ezer egin. "Operazioa egin zutenean, nire etxea miatu zuten. Armak eta lehergailuak topatzeko agindua zeukaten, baina paperak begiratu zituzten, baita haurren ipuinak ere”, erantsi du.

Aitor Ligerzana izan da azkena deklaratzen —12:55ean ekin dio—. Zaramazulo Gasteizko egoitzaren funtzionamenduaren berri eman du. Aitortu du hark hango ekintzetan parte hartu zuela, "baina inoiz ez ETAren aginduz". Gainera, esan du festa eta kultur taldeek ere erabiltzen zutela egoitza.

Hiru aste iraungo du epaiketak

Gaurko ez ezik, biharko eta hilaren 7, 8, 9, 17 eta 18rako ere deituta daude auzi saioetara. Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan egingo dira denak, Madrildik hamabost kilometrora.

Jone Goirizelaia eta Kepa Landa defentsako abokatuek aurkeztutako 64 lekukoetatik sei baino ez dizkiete onartu; akusazioari, aldiz, guztiak. Hori horrela, salatu dute "babes gabe" daudela auzipetuak.

Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozuari ETAko kide izatea leporatzen diete, eta bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu dute haientzat. Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzanari, berriz, ETAri laguntza ematea, eta zazpi urteko zigorra eskatu dute haientzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.