Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskal Miguel Angel Carballok Egunkaria auzia ixteko eskatzen duen idatzia igorri zion auziaren kargu egin den 1. Salari: akusazioei eusteko frogarik ez dagoela esaten zuen idatzi horretan; hau da, Egunkariai-k ETArekin loturarik duela baieztatzeko arrazoirik ez dagoela.
Albiste horren balorazioa egin dute gaur komunikabideen aurrean auzipetuek eta Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosua defentsako abokatuek.
Auzipetuen iduriko, Fiskaltzaren idatziak arrazoia eman die goitik behera, eta, bereziki, puntu batean: hasieratik esan dute Egunkaria auzia beste auzi batzuk bezala bulkada politikoz abiatu zela, "euskal politika, gizarte, kultura eta euskalgintzaren kontrako" bulkada politikoan. "Fiskaltzak berak, salaketa publikoak alegia, bere adierazpen honekin arrazoia ematen digu guk beti sostengatu dugun honetan, alegia, egintza judizialak bultzada politiko begibistako eta disimulorik gabea zuela, euskal politikaren, gizartearen, kultura eta euskalgintzaren judizializazioa eta kriminalizazioa bilatuz", esan du Joan Mari Torrealdaikbere eta osterantzeko auzipetu guztien izenean.
Fiskalztaren erabakia pozik hartu dutela erantsi du, baina, halaber, zuhur izateko deia egin du, urrats hori ez dela erabakigarria ohartaraziz. "Ohartarazi nahi dugu, iritzi puzturik eta euforiarik ez dadin zabaldu gizartean, fiskalaren neurri hau, inportantea izanik ere, ez dela determinatzaile edo erabakitzailea eta ez behin betikoa auziaren artxibatze eraginkorra gerta dadin, ez baitugu ahaztu behar azken hitza Auzitegi Nazional espainiarreko epaileen esku dagoela".
Ildo horretatik, "atxiloketa, tortura eta kartzela" jasateaz gain, egun beren kontrako badaezpadako neurriak indarren direla oroitarazi dute; hau da, epailearen aurrera sinatzera joan behar izaten dutela, galarazita dutela Espainiako Estatutik ateratzea, kontuak blokeatuta dituztela eta bermepean daudela aske. Halaber, Egunkaria bera itxita ez ezik, likidatuta dagoela azpimarratu dute.
Orain duten desio nagusia "inoiz hasi behar ez zuen bidean atzera egitea" dela adierazi dute. "Judikaturak atzera egitea eta norabide horretan adierazpen hau hasiera izatea nahi genuke, eta ez araua berresten duen salbuespena, gurea bezalako edo antzeko salaketa-ildoa duten auzi guztietan". Hain zuzen ere, bulkada politikoz abiatutako beste auzi batzuk ere badirela oroitarazi dute, eta elkartasuna adierazi diete haietan auzipetutako guztieik, batik bat, duela urtebetetik ahozko epaiketan diren 18/98-koei. "Fiskalaren adierazpenak garbi erakutsi du bultzada politikoa ezabaturik, gure kasuan ez dagoela gu salatzeko oinarri judirikorik; ez gure kasuan eta, gure ustez, beste kasutan ere ez".
Lau urte hauetan elkartasuna adierazi dieten guztiei eskerrak eman dizkiete. Oro har, euskal gizarteari eta Kataluniako herriari, eta, bereziki, euren aldeko babes taldeari. Gainera, etorkizunera begiera berriro ere laguntza eskatu diete, hain justu, epaiketarik izan ez dadin lortzeko.
Epaiketaren inguruko zalantzak
Izan ere, hori da une honetan auzipetuen kezka handienetako bat: Fiskaltzak auzia ixteko eskatu arren epaiketa egingo den edo ez. AVT eta Dignidad y Justicia elkarteak ordezkatzen dituen herri akusazioek auziarekin aurrera jarraitzeko eskatuko diote Auzitegi Nazionaleko epaimahari, baina Iñigo Iruin eta Jose Mari Elosua defentsako abokatuen iduriko legea aintzat harturik hori ez da nahikoa epaiketa egiteko. "Espainiako Auzipetze Kriminalaren Legearen arabera, akusazioa publikoak, fiskaltzak, atzera eginez gero akusazio partikularrak du epaiketa eginarazteko eskumena. Herri akusazioak ez luke hartarako eskumenik", esan du Iruinek.
Hala ere, onartu du zenbait tribunalek irizpide hori kontuan hartu gabe herri akusazioa aintzat hartu izan dutela, eta epaimahaiarena, Espainaiko Auzitegi Nazionalarena, dela azken erabakia. Fiskaltzaren idatziak akusazio guztiak atzera botatzen dituela kontuan izanik, "materialki" ere epaiketa egitea "ezinezkoa" litzatekeela erantsi du Elosua abokatuak, baina hark ere azpimarratu du epaimahairena dela erabakia.
Gainerako auzi politikoetan eragina
Irakurketa juridiko bat eginez, Carballo fiskalaren idatziak "bulkada politikoz" abiatutako auzietara berrikuntza dakarrela agertu du Iruinek. Auzi horiek guztiek bizkarrezur komuna dutela azaldu du: batetik, konfiskatutako agirien bilketa bat, bestetik, agiri horiei buruz Espainiako Poliziak edo Guardia Zibilak egindako interpretazioa, eta azkenik, epaileek eta fiskalek kritikarik gabe balorazio horiek onartzea.
Hain justu, Carballok balorazio kritiko hori egiteko urratsa eman duela iritzi dio Iruinek, eta Guardia Zibilek zein Juan del Olmo Egunkaria auziko epaile instruktoreak "agirien irakurketa beti akusatuen kontra,logika eta arrazoirik gabe" egin duela utzi du agerian. Hala esaten du fiskalakbere idatzian.
Carballoren interpretazio irizpide hori gainerako auzi politikoetan aplikatuko balitz, guztiak bertan behera geratu beharko liratekela azpimarratu du. Gainera, oroitarazi du Egunkaria auziko sumarioan fiskalak froga balio gabe utzi dituen zenbait agiri beste auzi horietan froga gisa erabiltzen ari direla, besteak beste, 18/98an.
'Egunkaria auzia'
Auzipetuek uste dute auziaren bultzada politikoa agerian utzi duela Fiskaltzaren erabakiak
Miguel Angel Carballo Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak arrazoia eman diela adierazi dute gaur 'Egunkaria auziko' zazpi auzipetuek; hau da, fiskalak auzia ixteko eskatuz epaimahaiari bidalitako txostenak bultzada politikoaren tesia baieztatzen duela. Carballo fiskalaren argudioak beste auzi politikoetan aplikatuko balira goitik behera eroriko liratekeela azpimarratu dute abokatuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu