Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzarentzat eginiko txostenak berretsi dituzte gaur perituek —denak guardia zibilak dira—, D3M plataformaren eta Askatasuna alderdiaren aurkako epaiketako bigarren saioan. Bi erakundeak legez kanporatzeko orduan Gorenak erabilitako txostenak dira horiek, eta perituek diote agerian geratu dela ETAk “interesa” zuela 2009ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte hartzeko. Gaurko saioan fiskalaren galderei erantzun diete soilik perituek; defentsak ezin izan die galderarik egin. Astelehenean jarraituko du epaiketak.
Peritu gisa deklaratu duten lau guardia zibilek ez dute auzipetuen eta ETAren arteko lotura zehatzik aurkeztu. Hamahiru auzipetuen aurkako froga gisa erabili dute ETAren eta Batasunaren adierazpen publikoen arteko ”sintonia”. Leporatzen dietena: agerraldi publikoetan parte hartzea, legezko alderdietan parte hartu edo lan egitea (legez kanporatu zituzten arte), hauteskunde zerrendetan aurkeztea, alderdi berriak sortu nahi izatea, euskal presoekin hitz egitea egoera politikoari buruz...
Defentsaren lekuko batekin hasi dute saioa, iragarrita ez bazegoen ere: Inmaculada Aizpuru abokatuarekin. Askatasunaren estatutuak idatzi zituen Aizpuruk, eta epaileen aurrean nabarmendu du orduan legezkoa zen alderdi baten estatutuak (HBrenak) erabili edo kopiatu zituela.
Gaurko saioan, Euskal Herriko sindikatuetako ordezkarien babesa jaso dute auzipetuek. Auzitegian izan dira, besteak beste, ELAko Adolfo Muñoz, LABeko Ainhoa Etxaide, EILASeko Belen Arrondo eta ESK-ko Fernando Bilbao. Haiekin batera izan dira EHNE eta Hiru sindikatuetako kideak, Herrira mugimendukoak eta EHUko irakasle batzuk.
Atzo hasi zen D3M eta Askatasunaren aurkako epaiketa, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Auzipetuek zioten euren helburua bozetan herritarrei eskaintza bat bermatzea zela eta jarduera publikoa eta legezkoa egin zutela beti.
Hurrengo saioak astelehenean, asteartean, asteazkenean eta hilaren 17an eta 18an izango dira. Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan izango dira saio denak, Madrildik hamabost kilometrora.
Jone Goirizelaia eta Kepa Landa defentsako abokatuek aurkeztutako 64 lekukoetatik sei baino ez dizkiete onartu; akusazioari, aldiz, guztiak.
Arantza Urkaregi, Eli Zubiaga, Iker Rodrigo, Imanol Nieto, Amparo Lasheras, Agurtzane Solaberrieta, Hodei Egaña, Unai Berrostegieta eta Zuriñe Zorrozua auzipetuei ETAko kide izatea leporatzen diete, eta bederatzi urteko espetxe zigorra eskatu dute haientzat. Fernando Antia, Jose Antonio Munduate, Xabier Isasa eta Aitor Ligerzanari, berriz, ETAri laguntza ematea, eta zazpi urteko zigorra eskatu dute haientzat.