Umetokiko lepoko minbiziaren aurkako txertoa

Auzitan segitzen duen txertoa

Urtean 500.000 andreri diagnostikatzen diete uteroko lepoko minbizia. 2005etik ari dira haren aurkako txertoa merkaturatzen. Txertoaren aurka daudenek diote, ordea, eraginkorragoa dela zitologiak egitea. Txertoa garestia dela ere salatzen dute.

Gardasil eta Cervarix dira egun merkaturatzen diren bi txertoak. ANDONI CANELLADA / ARP.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Txertoa jartzea da gaixotasun horri aurre egiteko modurik eraginkorrena». Donostiako Ospitaleko ginekologo Mikel Gorostidik hala laburbildu du umetokiko lepoko minbiziaren aurkako txertoaz duen iritzia. Eragin ditzakeen bigarren mailako ondorioak ohikoak direla defendatu du, gainera. Txertoarekin kritikoa da, haatik, Koldo Martinez medikua. Argi du prebentzioaren ikuspegitik eraginkorragoa dela zitologiak egitea, hor ikusten baitira minbizia eragin dezaketen lesioak. Gainera, txertoak duen gehiegizko kostua salatu du, eta horren atzean botika enpresen interesak egotea. Merkaturatzen hasi zenetik ez da isildu txertoak eragindako eztabaida. Auzitan segitzen du. Azken astean, gainera, areagotu egin da eztabaida hori. Izan ere, Oiartzungo (Gipuzkoa) neskato bat erietxean dago txertoa hartu ostean gaixotu egin delako.

Urtean 500.000 emakume inguruk izaten dute gaixotasuna munduan, eta 250.000 andre inguru hiltzen dira. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 6,5 kasu inguru daude 100.000 emakumeko.2005ean hasi ziren txertoa merkaturatzen Europan, eta Espainiako Osasun Ministerioak bi urte geroago erabaki zuen txertoen egutegi ofizialean sartzea. Hala, bat egin zuen Osasunerako Munduko Erakundeak (OME) egindako gomendioekin. Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua aurrenetarikoak izan ziren Madrilen erabakiarekin bat egiten.

Egun, bi laborategik egindakoak merkaturatzen dituzte: Gardasil eta Cervarix. Papilomaren birusa eragin dezaketen bi zeparen kontra babesten dute: hamaseigarrena eta hemezortzigarrena. Hamar kasutik zazpitan eragina dute bi zepa horiek. 11 eta 13 urte bitarte dituzten neskei jartzen diete txertoa. «Aproposena sexu harremanak izaten hasi baino urte batzuk lehenago jartzea da. Horregatik egiten da adin horretan.Gainera, bermatzen da ahalik eta neskato gehienei jartzea. Izan ere, eskoletan egiten da», dio Gorostidik. Orain, mutilei ere papilomaren birusaren aurkako txertoa jartzea aztertzen ari dira. «Hori defendatzeko eman dituzten argudioak oso ahulak dira», nabarmendu du Martinezek.

Txertoak hasieratik izan ditu aldekoak eta kontrakoak. Gorostidiren ustez, aski frogatua dago eraginkorra dela. «Merkaturatzen hasi aurretik makina bat azterketa zientifiko egin ziren, eta datuak ikusita, hori eztabaida ezina da». Gainera, gogorarazi du osasun erakunde nagusiek jartzea aholkatzen dutela. Hori bai, aitortu du benetako emaitzak ikusteko urte batzuk itxaron beharko direla. «Hogei bat urte beharko dira. Askok pentsa dezakete urte ugari direla, baina horregatik ezin genion utzi txertoa jartzeari. 2007an hartu zen erabakia egokia izan zen».

Martinez txertoen aldekoa da oro har. Baina honekin hasieratik izan zituen zalantzak. Lau urte pasatu eta gero, ezzaizkio uxatu. «Nik uste minbizi mota hau kontrolatzeko modurik eraginkorrena eta onena garaiz diagnostikatzea dela. Izan ere, minbizia garatzen hasi aurretik lesio gaizto batzuk izaten dira, eta horiei aurre egitea da funtsezkoena».

Kontrol hori zitologien bidez egiten dute; hau da, umetokiko lepoko zelulen laginak ikertuz. Molekula bidezko diagnostikoa egiteko teknikak ere badira. Hala, birusaren DNA dagoen ikusten dute. «Txertoak segurtasun irudi faltsu bat eman dezake, eta hori larria da. Probak egitea oso garrantzitsua da. Izan ere, ikerketa askok erakutsi dute minbizia garatzen duten emakume askok ez zituztela egin». Horrekin batera, sexu harremanak izatean babes neurriak hartzea da beste prebentzio modurik onena, Martinezen aburuz. Hala, ez dio zentzu handirik ikusten txertoa jartzeari.

Gorostidi bat dator Martinezek aipatutako bi babes neurriekin. «Txertoa jarrita ez dago %100eko babesik. Probak egin behar dira. Are gehiago kontuan hartuta diagnostikatzen denean oso garatua egon ohi dela eta hilkortasun maila oso altua duen minbizia dela. Dena den, uste dut horiek egitea bateragarria dela txertoa jartzearekin».

Uste «okerrak»

Txertoaren inguruan zabaldu diren hainbat baieztapen faltsuak direla uste du Martinezek: «Jende gehiagok jar dezan saldu dute minbiziaren kontrakoa balitz bezala. Baina ez da horrela. Papilomaren birusa eragin dezaketen bi zepen kontra babesten ditu emakumeak. Birusa, gainera, minbizia eragin dezakeen faktoreetako bat baino ez da».

Ezin da jakin oraindik, gainera, zenbat denborako babesa ematen duen txerto horrek, eta etorkizunean beste dosiren bat jarri beharko ote den: «Hori txerto berri guztiekin gertatzen da. Urte batzuk behar izaten dira jakiteko. Hori ez da txertoaren aurka egiteko argudio bat. Lehen ikerketen arabera, dena den, gutxienez hogei urtekoa izango da babesa».

Aurka daudenek erabiltzen duten beste argudioetako bat ekonomikoa da. Izan ere, egutegian dauden beste 11 txertoak batera baino garestiagoa da umetokiko lepoko uteroko minbiziaren aurkakoa. Dosi bakoitzak —hiru hartu behar dira— 150 euro balio du. «Emaitzak ikusita, ordea, ordaintzea merezi duela uste dut», dio Gorostidik. Martinezen ustez, Euskal Herrian kasu kopurua ez da horren handia halako gastu bat egiteko. «Botika enpresen interesak nabarmenak dira alor horretan, eta osasun agintariak zurrunbilo horretan sartu dira. Orain zaila da atzera egitea».

Zeharkako ondorioak

Izan dira txertoa merkatutik kentzea galdegin dutenak, zeharkako ondorio «larriak» eragin ditzakeelaargudiatuta. Gorostidik ukatu egin du hori. «Beste edozein txertoren ondorioak ditu. Merkaturatu aurretik txertoek oso kontrol zorrotzak gainditu behar dituzte, baita honek ere». Zorabioak, adibidez, normalak direla uste du. «Frogatua dago, gainera, eskoletan txertoa jarriz gero haurrak gehiago zorabiatzen direla». Gainera, defendatu du txerto bat erretiratzeko kasu gehienek izan beharko lituzketela ondorio txarrak. «Kasu honetan ez da horrela izan».

Zuhur jokatzeko eskatu du Martinezek. «Txerto bat jartzean beti dago arriskua ondorioak izateko, baina kasu honetan kopurua besteen antzekoa da. Sortu dituen zeharkako ondorioetatik %6 dira larriak, botika ikertzeko erakunde independente baten ikerketaren arabera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.