EAE-ko hauteskundeak

Auzitegi Gorena hasi da D3Mren eta Askatasunaren zerrendak baliogabetzeko eskaerak aztertzen

Fiskaltzak atzo sartu zuen D3M hautesle plataformaren aurkako helegitea Espainiako Auzitegi Gorenean -Askatasunaren kontrakoa gaur sartu du-, eta biak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ez izatea dute helburu. Fiskaltzak, gainera, D3Mren eta Askatasunaren jarduera eteteko eskatuko dio Garzoni.

2009ko otsailaren 5a
19:33
Entzun
Espainiako Gobernuak, Estatuaren Abokatuaren bitartez, Demokrazia Hiru Milioi (D3M) hautesle plataformaren eta Askatasuna alderdi politikoaren hauteskunde zerrendak baliogabetzeko eskatu du gaur. Joaquin de Fuentes Bardajik sartu ditu inpugnazioak, goizeko hamarretan, Espainiako Auzitegi Gorenean, Madrilen, "biek ETA-Batasunaren estrategia jarraitzen dutelako". Hala, D3Mk eta Askatasunak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte-hartzea eragotzi nahi du. Auzitegi Gorena iluntze partean hasi da D3Mren eta Askatasunaren zerrendak baliogabetzeko eskaerak aztertzen.

Askatasunaren aurka egiteko, Batasuna, EAE-ANV (Eusko Abertzale Ekintza-Accion Nacionalista Vasca) eta EHAK (Euskal Herrietako Alderdi Komunista) alderdi politikoak legez kanpo utzi zituzten epaian oinarritu du Estatuaren Abokatua. D3Mren kasuan, hauteskunde kontentzioso helegitea sartu du.

Atzo Candido Conde-Pumpido Espainiako Estatuko fiskal nagusiak bide judizial guztiak jorratuko dituela jakinarazi zuen atzo, eta atzo bertan D3Mren zerrendak inpugnatu zituen Auzitegi Gorenean. Gaur, berriz, beste hainbertze eginen du Askatasunekoekin.

Fiskaltzak, horretaz gain, haien jarduera eteteko eskatuko dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzoni. Behin baino gehiagotan adierazi badu ere Batasuna eta hauteskunde plataforma edo alderdiaren arteko lotura "argia" dela, bide guztiak baliatzeko beharra ikusten du Conde-Pumpidok.

Hala, D3M eta Askatasunaren jarduera etetea eskatzeko zigor bidea jorratuko du Fiskaltzak Auzitegi Nazionalean. Ez dauka zerikusirik zerrendak inpugnatzeko Auzitegi Gorenean erabiltzen den prozedurarekin. Joan den urtarrilaren 23an Espainiako Poliziak zortzi lagun atxilotu zituen Garzonen aginduz. Hiru egunen buruan espetxera igorri zituen leporatuta D3M hauteskunde plataformaren sorrera instituzioetan "Batasunaren parte-hartzea bermatzeko" zela. Lehen operazio horretan Askatasuna ez zuen aipatu, baina, bai ordea, joan den asteartean, bertze 13 lagun inputatu gisa deklaratzera deitu zituenean. Deialdi berean hauteskunde plataforma eta alderdia nahasi zituen. Bihar deklaratuko dute Auzitegi Nazionalean. Hamahiruen artean zortzi D3Mko zerrendetakoak dira, eta gaineratiko bostek Askatasunarekin daukate zerikusia: Jose Antonio Munduate alderdiko presidenteak, Xabier Isasa idazkariak, eta Jaione Unanuek, Urtzi Vidalek eta Miriam Diaz de Tuestak.

D3Mko eta Askatasuneko kide batzuk inputatuta, Garzonek edozein momentutan hartu dezake haien jarduera eteteko erabakia, Zigor Kodeko 515. artikuluan eta 129.ean oinarrituta. Lehenak dio zigortu daitezkeela delitu egitea helburu duten elkarteak. Bigarrenak, haien jarduera behin-behinean eteteko gaitasuna ematen dio. Hori da hain zuzen ere Fiskaltzak lortu nahi duena.

Iaz gauza bera egin zuten

Joan den urtean gauza berbera egin zuen EHAK eta EAE-ANVrekin Espainiako Gorteetako hauteskundeen atarian. Bata zein bestearen kide batzuk inputatu gisa deklaratzera deitu zituen, eta kanpaina hasteko bi aste falta zirela haien jarduera eten zuen soilik txosten polizialetan oinarrituz.

Bide zibiletik ere lanean jarraitzen du Fiskaltzak. D3M inpugnatzeko Espainiako Alderdien Legean oinarritutako 103 orriko txostena aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean. Zerrendetan agertzen diren 84 lagunetatik 82 dagoeneko legez kanporatuak dauden alderdi edo elkarteren batekin loturaren bat daukatela dio. "Harreman estuak" argi erakusten du ETAk eta Batasunak sortu dutela D3M, Fiskaltzaren arabera. Gisa berean, adierazi du hauteskunde plataformak erabiltzen dituen leloek eta logotipoak haren ustez antza dutela ezker abertzaleak erabiltzen dituenekin.

Askatasunari dagokionez, gaur aurkeztu ditu haien zerrendak inpugnatzeko txostena. Conde-Pumpidok onartu du haren hautagaitzak "garbiak" direla, baina dioenez, "nahiko oinarri" dituzte "iruzurra" dela frogatzeko. Horren zantzuen artean, aipatu ditu, alderdiaren estatutuak, 2001eko zerrendak, baita alderdiko kide batzuk D3Mren hautagaitzaren alde sinatu izana ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.