Espainiako Auzitegi Gorenak Ibarretxe auziko epaiketa ez egitea erabaki du, behin betiko artxibatu egin baitu Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi eta EAJko kidearen, Patxi Lopez Jaurlaritzako egungo lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiaren, Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu eta PSE-EEko kidearen, eta Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena, Pernando Barrena eta Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko ordezkarien aurkako auzia.
Gaur hartu dute erabakia Goreneko bost magistratuk, aho batez. Haien arabera, politikarien arteko elkarrizketetan ez zen izan deliturik.
EAEko Auzitegi Nagusiak 2009ko urtarrilaren 12an epaiketarik ez egitea erabaki zuen, nahikoa arrazoi ez zegoela argudiatuta, deliturik ez egoteaz gain, fiskalak ez zuelako zigorrik eskatu eta akusazio partikularrik ez zegoelako. Gorenak, ordea, dio herri akusazioa egotea nahikoa dela epaiketa egiteko.
Auzitegi Nagusiaren erabakiaren aurkako helegitea jarri zuten Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia herri akusazioek. Atzera bota die Gorenak.
2006an, ETAren su-eten garaian, Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidearen harira Ibarretxek, Lopezek eta Aresek ezker abertzaleko kideekin egindako bileretan delitua egon zela uste dute Ermuko Foroak eta Dignidad y Justiciak, Otegi-eta Batasuna legez kanpoko alderdi politikoko ordezkari gisa aritu zirelakoan.
politika
Auzitegi Gorenak artxibatu egin du 'Ibarretxe auzia', behin betiko
Aho batez hartu dute erabakia bost magistratuk, elkarrizketa saioetan deliturik ez zela egon argudiatuta. Duela urtebete EAEko Auzitegi Nagusiak ere epaiketarik ez egitea erabaki zuen. 2006an, ETAren su-eten garaian, Ibarretxek, Lopezek eta Aresek ezker abertzaleko kideekin hitz egiteagatik helegitea sartu zuten Ermuko Foroa eta Dignidad y Justicia herri akusazioek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu