Osasuna

Auzitegi Gorenak atzera bota die talidomidaren biktimei kalte-ordainak kobratzeko eskubidea

Avite kaltetuen elkarteak jo zuen epaitegira, kalte-ordainak ukatu zizkien epai baten ondorioz babes eske; baina kontrako ebazpena jaso dute berriz ere.

Maria Josefa Oskoz, Talidomida botikaren biktimetako bat. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
arantxa iraola
2015eko irailaren 23a
07:41
Entzun

Esperantza izpi bat badugu". Talidomidak kalte eginikoen Avite elkarteko presidenteorde Rafael Basterretxeak atzo egindako hitzak dira. Espainiako Auzitegi Gorenak ez du, ordea, ontzat jo han egina zuten eskaria. Fiskalak biktimen aldeko txostena egin badu ere, kalte-ordainak kobratzea dagokiela eskatuz talidomidaren kaltetuek egindako eskaria ez ontzat ematea erabaki du epaitegiak.

2013. urtean epaile batek Grunenthal botika etxeari —talidomida Alemaniako konpainia horrexek saldu zuen— agindu zion kalte-ordainak pagatzeko; 204 milioi eskatuta zeuzkaten, eta poza eragin zuen ebazpenak kaltetuen artean. Baina poz laburra izan zen: farmazia konpainiak helegitea jarri zuen, eta Madrilgo Auzitegiak arrazoi eman zion hari: iazko urrian atzera bota zuen kaltetuen aldeko epaia. Horregatik erabaki zuten Avite elkarteko ordezkariek Auztegi Gorenera jotzea, babes eske.

Talidomida milaka andrazkori eman zitzaien 1950eko eta 1960ko hamarraldietan, haurdunaldiak eragindako ondoezak arintzeko. Ondorioz, hainbat ikerketaren arabera, 50.000 ume inguru jaio ziren malformazioekin. Uste da 10.000-50.000 inguru geratzen direla bizirik. Kalte-ordainak jaso dituzte Europako hainbat tokitan, baina Espainiako Gobernuaren partetik oso urrats gutxi egin dira haien alde, eta justizian ere ez dute lortu inoiz beren eskubideak aintzat hartzerik. Avite elkarteak 200 kide inguru ditu, eta horien artean badira Hego Euskal Herriko hamarnaka andre eta gizon.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.