Azaroko gauza bera esan du Espainiako Auzitegi Gorenak: Guardia Zibilak Igor Portu eta Mattin Sarasola ez zituela torturatu. "Ez da torturarik egon, edo errugabetasun presuntzioa urratzeko neurrian ez da frogatu haren existentzia", zioen orduan, eta Donostiako Probintzia Auzitegiak 2010eko abenduan bi eta lau urte arteko zigorra jarri zien lau guardia zibilak errugabetu egin zituen.
Azaroko erabaki hura baliogabetzeko eskatuz Portu eta Sarasolaren defentsak helegitea sartu zuen, baina Gorenak atzera bota du. Uste du guardia zibilen aurkako probak ez direla nahikoak. "Atxiloketan indarkeria gehiegi egon zela akreditatzeko daturik ez dago; beraz, akusatuek beraien eginbeharra bete zuten", esan zuen Gorenak duela hiru hilabete, eta horri eutsi dio Zigor Aretoak.
Halaber, berriz ere esan du atxilotuek ETAren aginduak jarraituz egiten dituztela tortura salaketak.
Portuk eta Sarasolak orain Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea jartzeko aukera izango dute.
Guardia Zibilak 2008ko urtarrilaren 6an atxilotu zituen biak Arrasate inguruan, ETAko kidetzat jota, eta atxiloaldian torturak jaso izana salatu zuten. Epaiketara iritsi ziren, eta hamabost guardia zibil epaitu zituzten. Gipuzkoako Auzitegiak 2010eko abenduaren 30ean espetxe zigorra ipini zien lau guardia zibili. Beste 11 agenteak absolbitu egin zituen.