Espainiako Auzitegi Gorenak gaur gauerdirako erabaki beharra zeukan Demokrazia Hiru Milioi (D3M) hautesle plataforma eta Askatasuna alderdi politikoa baliogabetu edo ez, baina bihar hartuko du erabakia azkenean. Izan ere, biei defentsa alegazioak aurkezteko beste egun bateko epea eman die gaur. D3Mk eta Askatasunak esan dute astirik ez dutela izan horretarako, eta Goreneko magistratuek aintzat hartu dituzte eskaerak.
Espainiako Gobernuak, Estatuaren Abokatuaren bitartez, bi haien aurkako helegiteak sartu ditu aste honetan, eta Espainiako Fiskaltzak ere bai, D3Mk eta Askastasunak martxoaren 1ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan parte-hartzea eragotzi asmoz.
Goreneko 61eko aretoko hamasei magistratuak atzo gaueko hamaikak artean aritu ziren deliberatzen, eta gaur goizeko hamaiketan ekin diote berriro. Bihar arratsaldeko bostetan batzartuko dira atzera.
D3Mren defentsaren arabera, politikan parte hartzeko eskubidearen, aniztasun politikoaren eta kargu publikoak izateko eskubidearen urratzeak biltzen ditu txostenak. Nabarmendu du hori guztia Poliziaren ikerketetan eta prentsan oinarrituak direla. Ohartarazi du ere zerrendan agertzen diren hautagaiak inoiz ez direla kondenatuak izan, eta beste alderdi batzuekin aurkeztu zirenean legezkoak zirela.
Gorenak inpugnazioak atzera botatzen baditu, D3Mk zein Askatasunak hauteskundeetan parte hartzen ahalko dute, Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak asteartean haien jarduera ez badu eteten behintzat. Inpugnazioak onartuz gero, alderdiak eta hauteskunde plataformak etzi gauerdi arte izanen dute helegitea jartzeko Auzitegi Konstituzionalean.
Estatuaren Abokatuaren eta Fiskaltzaren ustez, "D3Mk eta Askatasunak ETA-Batasunaren estrategia jarraitzen dute".
Askatasunaren aurka egiteko, Batasuna, EAE-ANV (Eusko Abertzale Ekintza-Accion Nacionalista Vasca) eta EHAK (Euskal Herrietako Alderdi Komunista) alderdi politikoak legez kanpo utzi zituzten epaian oinarritu da Estatuaren Abokatua. D3Mren kasuan, hauteskunde kontentzioso helegitea sartu du.
Fiskaltzak, horretaz gain, haien jarduera eteteko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzoni, eta honek atzo astearterako utzi zuen erabakia.
Joan den urtarrilaren 23an Espainiako Poliziak zortzi lagun atxilotu zituen Garzonen aginduz. Hiru egunen buruan espetxera igorri zituen leporatuta D3M hauteskunde plataformaren sorrera instituzioetan "Batasunaren parte-hartzea bermatzeko" zela. Lehen operazio horretan Askatasuna ez zuen aipatu, baina, bai ordea, joan den asteartean, atzorako bertze 13 lagun inputatu gisa deklaratzera deitu zituelako. Denak libre utzi zituen.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak
Auzitegi Gorenak bihar arteko epea eman die D3Mri eta Askatasunari alegazioak aurkezteko
61eko aretoko hamasei magistratuek bihar erabakiko dute hautesle plataforma eta alderdi politikoa baliogabetu edo ez. D3Mk eta Askatasunak martxoaren 1ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan ez parte hartzeko asmoz, bien aurkako helegiteak sartu dituzte aste honetan Estatuaren Abokatuaren eta Fiskaltzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu