Espainiako Gobernuak, “bizikidetza soziala bermatzeko”, ETArekin harremanak izan ditzakeela dio Espainiako Auzitegi Gorenak eta hartu-eman horiek ezin direla “kriminalizatu”.
Hala jakinarazi du gaur Ibarretxe auzia-z emandako sententzian. Urtarrilaren 13an behin betiko itxi zuen auzia. Ermuko Foro eta Dignidad y Justicia herri akusazioek parte sartu ondoren, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi eta EAJko kidearen, Patxi Lopez Jaurlaritzako egungo lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusiaren, Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburu eta PSE-EEko kidearen, eta Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena, Pernando Barrena eta Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko ordezkarien aurkako auzibideari ekin zioten 2006an. Gorenak dio Gobernutik kanpo ezin dela “barne edo kanpo politika zuzendu”.
Iazko urtarrilean kasua artxibatu egin zuen EAEko Auzitegi Nagusiak, baina herri akusazioek Gorenera jo zuten.
2006an, ETAren su-eten garaian, Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidearen harira Ibarretxek, Lopezek eta Aresek ezker abertzaleko kideekin egindako bileretan delitua egon zela uste zuten, Otegi-eta Batasuna legez kanpoko alderdi politikoko ordezkari gisa aritu zirelakoan.
politika
Auzitegi Gorenak dio ezin direla "kriminalizatu" ETArekin izandako harremanak
Espainiako auzitegiak gaur atera du 'Ibarretxe auzia'-ri buruzko artxiboaren sententzia. Haren arabera, Espainiako Gobernuak, “bizikidetza soziala bermatzeko”, erakunde armatuarekin harremanak izan ditzake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu