emakumeen aurkako indarkeria

Auzitegi Gorenak ere homizidiotzat jo du Nagore Laffageren heriotza, ez hilketatzat

Jose Diego Yllanes hiltzailearen aurkako hamabi urteko kartzela zigorra berretsi du Espainiako auzitegiak, Laffage sendiaren helegitea atzera botata. Neskaren ama "etsituta" agertu da.

2010eko abenduaren 27a
23:44
Entzun
Nagore Laffage zenaren sendiak haren heriotza Espainiako Auzitegi Gorenak hilketatzat eta ez homizidiotzat jotzea nahi zuen arren, Gorenak berretsi egin du 2009ko azaroan Nafarroako Auzitegi Nagusiak emandako epaia; hau da, homizidiotzat jo du. Ondorioz, berretsi egin du Jose Diego Yllanes hiltzailearen aurkako kartzela zigorra: hamabi urte eta erdikoa.

Gorenak atzera bota ditu helegite denak: Laffage sendiarena, Gipuzkoako Batzar Nagusiena, Irungo Udalarena eta akusatuarena. Joan den azaroan aztertu zituen helegiteok. Bost epailek hartu dute erabakia.

Hilketaren hipotesiari hasieratik heldu zion Nagore Laffageren ama Asun Casasolak. "Frogak argiak dira". Yllanesi espetxe zigorra handitzeko eskatzen zuen -hilketatzat joz gero, hogei urtera igotzeko aukera zegoen-. Ezin dela frogatutzat eman aurretik prestatutako ekintza izan zela dio auzitegiak.

Ama "etsituta" agretu da

Asun Casasola Nagoreren amak "etsituta" dagoela jakinarazi du auzitegiaren erabakiaren berri izandakoan. "Ziur nengoen hilketa hitza agertuko zela. Bi urtean kolpeak jasotzen ibili naiz, baina, gaurko hau orain arteko handiena izan da. Lehen banuen helburu bat, zerbait lortuko nuela uste nuen, baina, ordain ez daukat ezer".

Elena Tabernak gertaturikoaren inguruan egin zuen dokumentala ikusteko gonbitea pasa die guztiei. Han ongi agertzen dela hilketa izan zela eta zinpekoen epaimahiek ez dutela beti funtzionatzen jakinarazi du.

2008ko sanferminetan hil zuen

2008ko uztailaren 7an hil zuen Yllanesek Laffage, Iruñean. Orondritzen (Nafarroa) ezkutatu zuen gorpua, baina egun berean aurkitu zuen Poliziak, herriko batek emandako abisuari esker.

Ordu gutxiren ondoren atxilotu zuen Foruzaingoak Yllanes, Iruñeko 27 urteko mediku egoiliarra. Berehala aitortu zuen errudun zela, bai atxilotu zutenean bai epailearen aurrean. Homizidioa egotzi zion Yllanesi Nafarroako Auzitegi Nagusiko zinpekoen epaimahaiak. Gainera, Yllanes mozkortuta zegoela eta biktimaren sendiari kalte-ordainak ordaindu zizkiola kontuan hartu zuen Nafarroako auzitegiak, aringarri gisa. 320.000 euro ordaindu zituen guztira medikuak: 120.000na euro gurasoentzat eta 80.000 euro Nagoreren nebarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.