Espainiako Estatuaren abokatuaren eskaera aintzat hartuta, Auzitegi Gorenak eten egin du Sortu ezker abertzaleko alderdiaren erregistroko tramitea. Sortuk orain helegiteak sartzeko aukera izango du.
Estatuaren abokatuak uste du ezker abertzaleak bozetan parte hartzeko "ETA-Batasunaren taktika" izan dela alderdi haren sorrera. Sortuk estatutuetan indakeria errefusatu du -ETArena barne, eta zehazki aipatuta-, baina De Fuentes Bardajik azaldu du horrek ez duela esan nahi "ETA-Batasunarekiko loturarik ez duenik".
Sorturen sustatzaileek, berriz, estatuaren abokatuaren inpugnazioa "erabaki politiko" bat dela adierazi dute komunikabideetara igorritako ohar batean. Erabaki horrek edozein zuzenbidezko estatutan herritarrek dituzten oinarrizko eskubide demokratikoak apurtzen dituela salatu dute.
Sortu legez kanporatzeko zenbait sektorek abiatu duten estrategian kokatu dituzte, halaber, astearteko atxiloketak. "Gutxienez deigarria da ikustea, gure ilegalizazioa eskatu dutenak eta isiltasun politikora zigortu nahi gaituztenak direla, hain zuzen, aipatutako gertakari horien aurrean adierazpen publikoak egin ditzagun galdegiten digutenak. Gainera, gure `isiltasuna' froga modura erabili nahi dute ilegalizazio hipotetiko baterako, epaileak presionatuz".
Sorturen sustatzaileek berretsi egin dute alderdiaren estatutuetan jasotzen den indarkeria mota ororen "gaitzespena". "Indarkeriaren artean kale-borrokako ekintzak, tratu txarrak eta tortura 'ere' sartzen ditu. Beraz, adierazitako gaitzespena ez da inola ere 'erretoriko eta instrumentala', egiazko, tinko eta erreala baizik".
Fiskaltza hurrengo astean da inpugnazioa aurkeztekoa. Ondoren erabakiko du Gorenak Sortu legezkoa den ala ez.