Espainiako Auzitegi Gorena atzo bildu zen, presoek zigorrak betetzerakoan Frantziako espetxealdia kontuan hartu behar ote den erabakitzeko. Erabakirik hartu ez, eta hamabost epaileak urtarrilaren 13an bilduko dira berriz, gaia aztertzeko.
Gorenak ezer erabaki aurretik, ordea, Santi Arrospide eta Alberto Plazaola preso ohiak aske geratzean, gaiari buruz jardun zuten Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak eta Rafael Catala Justizia ministroak, eta epaileei presio egitea egotzi diote Espainiako Gobernuari.
Mariano Rajoy gobernuko presidenteak ukatu egin ditu presioak, uste baitu gobernuko kideek esandakoek independentzia judiziala errespetatzen dutela. Espainiako Kongresuan Iker Urbina Amaiurreko diputatuak eginiko galderari erantzunez, gobernuak auzitegiaren erabakia errespetatuko duela esan du Rajoyk, "gehiago ala gutxiago gustatu". Nolanahi ere, presoak espetxean mantentzen dituena ETA dela erantzun dio Rajoyk Urbinari.
Gobernuak "legearen inperioan eta botere banaketan" sinesten duela gaineratu du, horiek "demokrazia konstituzional ororen oinarria" delakoan.
EH Bildu: "Estatuak ez ditu betetzen oinarrizko estandar demokratikoak”
EH Bilduko legebiltzarkide Julen Arzuagak salatu egin du Auzitegi Gorenak zigorrak betetzeari buruzko irizpideez erabakitzea: "Orain Espainiar estatuak europar legedia urratzea erabaki du, presoen eskubideak berriro ere urratzeko. Europar direktiben letra eta izpiritua bihurritzea erabaki dute, interpretazio maltzurra egin nahi dute bizitza osorako zigorra inposatzeko".
PPk kolektibo zehatz bati salbuespena ezarri nahi diola uste du Arzuagak: "Legalitate printzipio eta oinarrizko seguritate juridikoa zapaltzen du, beste klabe batean dagoelako: Estatua inboluzio estrategian murgilduta dagoelako. Gerra estrategia batean dagoelako". “Oinarrizko estandar demokratikoak” ez betetzea egotzi dio Madrili.
Espetxe politikaren kontra protesta egiteko, mobilizazioetara deitu dute abenduaren 20rako; Donostian eta Iruñean batuko dira, Salbuespen politikarik ez. Presoak etxera lelopean.