Espainiako Auzitegi Konstituzionalak azkenean gaur hartu du Kataluniako Estatutuari buruzko erabakia, lau urtera, eta ontzat jo du. Dena dela, murrizketa garrantzitsuak egin dizkio. Onartu egin du "Katalunia nazioa" dioen hitzaurreko esaldia, baina hitzaurreak ez du balio juridikorik. Gainera, auzitegiaren epaiak dio Espainiako Estatua "nazio zatiezina" dela. Bestetik, ez du onartu Katalunian katalana izatea "lehentasuneko hizkuntza", ezta Kataluniak botere judizial propioa izatea ere.
PPk sartu zuen Kataluniako Estatutuaren aurkako helegitea, 2006ko uztailaren 31n, Espainiako Konstituzioa betetzen ez duelakoan. Itunaren 223 artikuluetatik 114ren aurka jo zuen PPk. Auzitegiak 14 artikulu Konstituzioaren aurkako gisa jo ditu eta 23 interpretatu egin behar direla dio.
Maria Emilia Casas Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak prestatutako txostena aztertu dute hamar magistratuk. Atalka egin dute bozketa: hitzaurrearen atalean aldeko sei boto eta kontrako lau eman dituzte, artikulu ez-konstituzionaletan 8-2, artikulu konstituzionaletan 6-4 eta beste artikuluetan 6-4.
Ramon Rodriguez Arribas, Jorge Rodriguez Zapata, Vicente Conde eta Javier Delgado magistratuek boto partikularra eman dute, eta idatzia prestatuko dute. Joera kontserbadoreko epaileak dira. Beste seiak: Manuel Aragon, Guillermo Jimenez, Elisa Perez Vera, Eugeni Gay, Pascual Sala eta Casas bera.
PPk helegitea sartu aurretik, Kataluniako eta Espainiako legebiltzarrek eta Kataluniako herritarrek onartu egin zuten Estatutua: Kataluniako Parlamentuak 2005eko irailean onartu zuen, legebiltzarkideen %90eko babesarekin. Espainiako Kongresuak 2006ko martxoan onartu zuen, PPk soilik eginda kontra; Kataluniako herritarrek 2006ko ekainean erreferendumean jo zuten ontzat, botoen %74ko babesarekin. Ituna 2006ko abuztutik indarrean da eta Kataluniako Parlamentuaren eskumenetan dagoen %75 garatuta dago.
mundua
Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo du Kataluniako Estatutua, baina murrizketa garrantzitsuak eginda
Onartu egin du "Katalunia nazioa" dioen hitzaurreko esaldia, baina hitzaurreak ez du balio juridikorik. Gainera, epaiak dio Espainia "nazio zatiezina" dela. Ez du onartu katalana izatea "lehentasuneko hizkuntza". 2006an sartu zuen PPk helegitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu