OSASUNA

Auzitegi Konstituzionalak ontzat jo du paperik gabeko etorkinak artatzeko Jaurlaritzaren erabakia

Botiken berrordainketa murrizteko neurriak hartu zituen Jaurlaritzak, eta konstituzionalak eutsi egin dio berrordainketari buruzko artikuluak bertan behera uzteko erabakiari.

2012ko abenduaren 17a
16:15
Entzun

Paperik gabeko etorkinei osasun arreta bermatzeko eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sendagaiak ez berrordaintzeko dekretu bat kaleratu zuen Eusko Jaurlaritzak ekainaren 26an, eta helegitea jarri zuen Espainiako Gobernuak neurri horren kontra. Uztailean, Auzitegi Konstituzionalak tramitera onartu zuen Madrilen helegitea, eta beraz, bertan behera utzi zituen arau horren eraginak, auzia hobeto aztertu bitartean.

Gaur eman du ebazpena epaitegiak; ebatzi du zilegi dela Jaurlaritzaren dekretua, etorkin papergabeen atalean behinik behin. Jaurlaritzako abokatuek ziotenez, pertsona horiek ez artatzeak haien osasunari eta hainbat gaitz kutsakorri aurre hartzeari kalte egingo lieke, "gizarte osoaren" osasunean eraginez. Hortaz, uztailean bertan behera utzitakoa berrezartzeko agindu du epaitegiak.

Estatuko abokatuak Jaurlaritzaren dekretuaren aurka argudiatu zuen neurri horrek kalte ekonomikoak eragingo lituzkeela eta defizit publikoaren kontrola beharrezkoa zela. Auzitegiak ihardetsi dio ez dituela zehaztu argudiatutako kalte ekonomiko horiek zeintzuk izan daitezkeen, "ziur aski hori ez delako posible". Konstituzionalak erantsi du osasunerako eskubidea ezin dela murriztua izan murrizketa ekonomiko baten ondorioz.

Sendagaien berrordainketaz, berriz, auzitegiak eutsi egin dio Jaurlaritzaren dekretuaren artikulu zehatz batzuk bertan behera uzteari. Hain justu, botikak berrordaintzeaz salbuetsita dauden taldeak zabaltzen dituen artikulua baliorik gabe utzi du.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.