2011ko abenduaren 1ean Donostian, Antigua auzoko etxebizitza batean labankada batekin hilotz agertu zen mutikoaren heriotza argitzeko epaiketa asteartean hasi zen, eta auzitegi medikuek deklaratu dute gaurko saioan.
Francisco Etxeberriak uste du "posible" dela aitak semea hil izanaren hipotesia, eta "oso arraroa" iruditzen zaio gazteak bere buruaz beste egin edo istripu bat eduki izana. Etxeberriaren arabera, "ezinezkoa" da istripu bat eduki izana; aldiz, "ezerk" ez du baztertzen homizidioaren hipotesia.
Etxeberriak bi txosten egin zituen gaztea hil zen lekuaren ezaugarriekin, eta horien berri eman du. Gainera, azaldu du suzidio kasu bat izan dadin gaztearen DNA arrastoak izan beharko lituzkeela hura hil zuen labanak, eta, "hasiera batean", soilik aitaren DNA topatu zutela. Hura desmuntatzean, ordea, gaztearen arrastoak topatu zituzten; hori horrela, Etxeberriak uste du "garbitu" egin zutela labana.
Bestelako iritzia du Luis Miguel Kerejeta Auzitegi Medikuntzako Institutuko zerbitzuburuak. Haren ustez, "ez dago ebidentziarik" esateko homizidio bat izan zela, eta uste du istripu bat izan zitekeela. Haren esanetan, autopsian jasotako emaitzak "bateragarriak" dira aukera horrekin, eta etxebizitzan ez zegoen "borroka zantzurik". Hala ere, ez du baztertu suizidioaren hipotesia.