Euskal presoak

Auzitegi Nazionala De Juana behin-behinean aske uztea aztertzen ari da, "hiltzeko arrisku handia" duelako

12 de Octubre ospitalak medikuen txostena bidali zion atzo eta Auzitegiak Espainiako Fiskaltzari eta AVTri iritzia eskatu die. Bihar har dezake erabakia. Defentsak behin-behinean libre uztea eskatu du gaur. Ospitalekoek ez dute baztertzen presoa "berehala hiltzea". Bigarren gose grebaren 78. eguna du gaurkoa De Juanak.

2007ko urtarrilaren 23a
14:50
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionala Iñaki de Juana euskal presoa behin-behinean aske uztea aztertzen ari da, presoak "hiltzeko arriskua handia" duela-eta. Hori dela eta, Espainiako Fiskaltzari eta AVTri iritzia eskatu die, Auzitegi Nazionalak orain dela hilabete batzuk De Juana epaitu zuenean Fiskaltza eta AVT epaiketan parte izan zirelako (zigor eskaerak egin zituzten). Bihar goizeko hamaikak arteko epea eman die erantzuteko eta, beraz, Auzitegiak berak bihar har dezake erabakia. Hirugarren gradurik ez lioke emango, De Juana behin-behinean dagoelako preso, bere defentsak helegitea sartuta du-eta Espainiako Auzitegi Gorenean.

Gaur Alvaro Reizabal abokatuak Auzitegi Nazionalean presoa behin-behinean aske uzteko idatzia sartu du. "Giza arrazoiak" aipatu ditu Reizabalek, baita presoak ihes egiteko "aukerarik eza" ere. De Juanaren amaren osasun fisiko txarra ere aipatu du idatzian.

De Juanak bigarren gose grebaren 78. eguna du gaurkoa, azaroaren 24tik 12 de Octubre Madrilgo ospitalean dag, zaintzan, eta ospitaleko arduradunek Auzitegi Nazionalari, medikuen txosten eta guzti, esan diote arriskua handia dela: "Epe ertainera hiltzeko arrisku handia du edo ondorio sendaezinak izatekoa", dio txostenak. Dena dela, 12 de Octubrekoek ez dute baztertzen De Juana "berehala hiltzea". Hain zuzen, atzo bidali zioten medikuen txostena Auzitegi Nazionalari, gaur El Mundo egunkariak argitaratu duenez.

Auzitegi Nazionalak lehengo ostiralean eskatu zien De Juanaren egoeraz informatzeko txostena. Medikuek, presoak abuztutik orain arte bi gose greba luze egin izana azpimarratu dute. Aurreneko aldian 63 egunez egon zen greban. Ondoren berriro ekin zion, Auzitegi Nazionalak 12 urteko kartzela zigorra jartzean bi iritzi artikulurengatik. Ospitalekoak De Juanaren borondatearen kontra ari dira elikatzen, eta presoak horri "gogor kontra" egiten diola esan dute.

De Juanaren abokatuek Espainiako Auzitegi Gorenera helegitea sartua dute, Auzitegi Nazionalaren erabakiaren kontra. Gaur Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskalburuak esan du "arduraz" jokatzea da Auzitegi Gorenak helegitea "azkar" aztertu nahi izana, eta Fiskaltzak lehen bezala jokatuko duela kasu gonetan, AVTk baino zigor txikiagoa eskatuz eta defentsaren absoluzio eskaera ez defendituz.

Atzo jakin zen, berriz, De Juanaren egoera gertutik ezagutzeko asmoz, Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordearen (CPT) ordezkaritza ospitalean izan zela joan de astean. Bisitaldiak "zaintza eta arreta moduak ikuskatzeko" helburua zuen, batzordeak jakinarazi moduan. Bisitaz txostena egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.