Espainiako Auzitegi Nazionalaren jomuga ere izan dira Bilboko konpartsak. Azken urteetan dozenaka izan dira Madrilera deklaratzera joan behar izan duten konpartsakideak eta «terrorismoarekin» lotuta auzipetu dituztenak. Txori Barroteko lau konpartsakide epaitu ere egin zituzten iaz. Epaitu, eta absolbitu. 2005ean abiatu eta urteetan gizenduz joan den beste auzi bat zabalik dago oraindik. Berez Kaskagorriren kontrakoa den auzi horren harira, dozenaka lagunek deklaratu dute Auzitegi Nazionalean sei urteotan. Azkenek, hainbat konpartsatako 19 konpartsakidek, aurtengo urrian. Ikusteko dago zer gertatuko den dozenaka auzipetu dituen auzi horrekin.
Auzitegi Nazionalean konpartsen aurka egindako diligentzia guztiek abiapuntu bera dute; baita Bilboko Udalaren zigorra ekarri zuen auziak ere: Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidenteak Auzitegi Nazionalean jarritako salaketak.
2005. urtean jarri zuen lehen aldiz salaketa Porterok Kaskagorri konpartsaren aurka. Aste Nagusi hartan Kaskagorriren txosna ondotik igaro zela, presoen argazkiak ikusi zituela eta horrek mindu egin zuela esanaz jarri zuen salaketa. Biktima gisa umiliatuta sentitu zela. Hain zuzen, Luis Portero ETAk 2000. urtean hil zuen fiskalaren semea da salatzailea.
Kas freskagarriak, lehen froga
Lehen salaketa harekin abiatu zen Kaskagorriren aurkako auzia. Auto lodi, pisutsu eta bitxia kaleratu zuen Auzitegi Nazionalak, gazte mugimenduaren konpartsa ETArekin argudio harrigarriak erabilita lotzeko. Txosnan Kas freskagarriak izatea, esaterako, Kaskagorri KAS Koordinadora Abertzale Sozialistaren bidez ETArekin lotuta dagoela esateko frogatzat aurkezten du oraindik itxi gabe dagoen auziaren abiapuntu den autoak.
Bi pertsona Auzitegi Nazionalean inputatuta deklaratzera deitu zituzten orduan lehen aldiz; Kaskagorriko lagun bat eta Gaztesareko beste bat. Gaztesarea ere auzian nahastu zuten, Kaskagorriren webgunea haren zerbitzariarekin lotuta zegoelako.
Ordutik, urtero jarri du Kaskagorriren aurkako salaketa Porterok, eta auzia itxi eta ireki ibili da urteotan, 2009an aldaketa bat izan zen arte. Batetik, Kaskagorriren aurkako kereila jarrita auzia berriz abiaraztea lortu zuen, eta, bestetik, Txori Barrote konpartsaren aurka ere egin zuen, lehen aldiz. 2008ko Aste Nagusian Txori Barroteren txosnan bere aita hil zuten ETAko bi kideren argazkiak ikusi zituela esan zuen, eta umiliatuta sentitu zela.
Auzi horren bideak egin du berea. Iaz Txori Barroteko lau konpartsakide Auzitegi Nazionalean epaitu zituzten, bi eta lau urte arteko kartzela zigor eskaerak eta hamabina mila euroko isun eskaerak zituztela. Errugabetu egin zituen Auzitegi Nazionalak. Argazkiak erakutsita presoen eskubideak aldarrikatu besterik ez zutela egin nahi ebatzi zuen. Akusazioek epaiari helegitea jarri, eta Auzitegi Gorenak absolbitu egin zituen epaituak. Delitua bazela esan zuen, baina ezin zela zehaztu nork jarri zituen argazkiak.
Kaskagorriren aurkako auziak gizentzen jarraitzen du. Urrian hainbat konpartsatako 19 lagunek deklaratu zuten Madrilen: 2009an Ertzaintza txosnetan sartu zenean identifikatu zituenak. Besteak beste Kaskagorri, Txori Barrote, Altxaporru eta Kobetasen txosnetan txanda egiten ari ziren lagunak dira, eta txosnetan presoen argazkiak erakutsita «biktimak umiliatzea» egotzi diete. Ikusteko dago auzia epaiketara iritsiko den edo ez.
Auzitegi Nazionala ere, txosnei begira
Txori Barroteko lau lagun epaitu eta absolbitu egin zituzten iaz; 2005ean Kaskagorriren aurka abiatutako auzia, berriz, irekita dago oraindik, eta dozenaka konpartsakidek deklaratu dute dagoeneko, auzipetuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu