Alakrana Bermeoko (Bizkaia) atunontziaren bahiketan ustez parte hartu zuten bi piraten kontrako auzia berriro irekitzeko exijitu dio gaur Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor aretoko laugarren atalak Santiago Pedraz epaileari, haien aurkako "froga gehiago" izan asmoz. Abdu Willy eta Raageggesey Adji Haman piratak Espainian dauzkate preso, eta Pedrazek sumarioa bukatutzat emana zuen.
Ontziko lau marinelek eskatu zuten ikerketarekin jarraitzeko: Victor Bilbao, Gaizka Iturbe, Andoni Gotxi eta Francisco Valadezek. Epaiketaren finantza arloan akusazio dira lau horiek. Atxilotutako bi piraten kasuan ez dira akusazio, ordea, eta hori da Pedrazek itxi zuen ikerketa. Marinelek akusazio gisa onartuak izateko eskatu zuten, eta auzitegiak ontzat jo du.
Pedrazek deitu egin beharko ditu berriro, forentseak azter dezan haiek bahiketagatik ondorio fisikorik edo psikologikorik izan duten eta, izanez gero, kalte-ordainak eskatzeko aukera edukitzeko.
Indiako Ozeanoan 47 egunez bahituta egon zen Alakrana, iazko urtearen bukaeran. 36 lagunek osatzen zuten tripulazioa, eta erreskatea bi milioi euro ingurukoa izan zela zabaldu zuten.
gizartea
Auzitegi Nazionalak 'Alakrana'-ren ustezko bahitzaileen aurkako auzia irekitzeko exijitu dio Pedrazi
Preso dauden bi piratei buruzko "froga gehiago" izan nahi ditu auzitegiak. Ontziko lau marinelek eskatu zuten ikerketarekin jarraitzeko, kalte-ordainak eskatu ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu