Baliozko 336 boto jaso zituen ezker abertzalearen inguruko Batia plataformak, maiatzaren 24an, Otxandioko udal bozetan. Beste 336, berriz, EAJ-EA koalizioak. Dena den, zerrenda bateko eta besteko kideak ez zeuden konforme kontaketa moduarekin: Ramon Aldasoro presoak posta bidez igorritako botoa arrazoi gabe baliogabetu zuela salatu zuen Batia plataformak; era berean, euren aldekoak ziren zenbait boto bidegabeki baliogabetu zituztela agertu zuen EAJ-EAK.
Ondorioz, errekurtsoen bidea hasi zuten zerrenda bietako kideek: Aldasororen botoa baliozkotzat jo zezaten Batia plataformak, eta beren iduriko baliozkoak ziren botoak berreskuratzeko EAJ-EAkoak.
EAJ-EAk egin zuen eskaria Madrilgo Hauteskunde Batzorde Zentralera eraman zuen Durangaldekoak, baina erakunde horrek, azkenean, ez zuen koalizioak erreklamatutako boto bat bera ere onartu. Beraz, 336 botorekin geratu zen EAJ-EA.
Batiaren eskaera ere Hauteskunde Batzorde Zentralera heldu zen, baina presoen botoak baliozko zirenetz ebazteko eskumenik ez zuela eta, Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen erabakia. Azkenean, presoek bozkatzeko eskubidea dutela ebatzi du Auzitegi Nazionalak, eta, beraz, Aldasorok Batiari emandako bortoa baliozkoa dela.
Orain, 337 boto ditu, beraz, Batiak, eta 336 EAJ-EA koalizioak. Ondorioz, bost zinegotzi dagozkio ezker abertzaleko plataformari eta 4 EAJ-EA koalizioari. Ostiralean osatuko da udalbatza, eta Batia plataformako hautagaiak hartuko du alkatetza.
Udal hauteskundeen ondorena
Auzitegi Nazionalak Aldasoro presoaren botoa baliozkoa dela esan duenez, Batia plataformarentzat izango da Otxandioko alkatetza
Espainiako Auzitegi Nazionalak Ramon Aldasoro presoaren posta bidezko botoa baliozkoa dela ebatzi du, hau da, preso egonagatik, bozkatzeko eskubidea duela. Ondorioz, okerrik ez dela, ezker abertzalearen inguruko Batia plataformak eskuratuko du alkatetza datorren ostiraleko udalbatzan. Maiatzaren 24ko hauteskundeetan, lehen kontaketan, baliozko boto kopuru bera jaso zuen EAJ-EA koalizioak eta Batia plataformak. Ika-mika handiak izan dira bi zerrenden artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu