azken ordukoa

Auzitegi Nazionalak baztertu egin du Otegi aske uzteko egindako eskaera

'Herriko tabernen' auziari helduz behin-behineko askatasuna galdegin du abokatuak, ezker abertzaleko kidearen familiaren osasun egoera dela-eta. Auzitegiak uste du Otegik berriro egin ditzakeela delituak eta, libre geratuko balitz, "ihes egiteko arrisku handia" legoke.

2010eko martxoaren 25a
19:10
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak baztertu egin du Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidea libre uzteko honen abokatuak egindako eskaera, Otegik berriz ere delituak egin ditzakeelakoan. Politikariaren familiaren osasun egoera dela-eta egin zuen eskaera abokatuak. Angel Hurtado, Julio de Diego eta Enrique Lopez epaileek hartu dute erabakia. Hirurek diote "nabarmena" dela Otegiren sendiari haren kartzelatzeak "eragin" izana, "baina hori preso denen kasuan gertatzen da".

Joan den urritik daukate preso Otegi, Batasunaren Mahai Nazionala berrosatu nahi izana egotzita. Bestetik, martxoaren 2an bi urteko kartzela zigorra jarri zioten, 2005ean Jose Mari Sagardui presoaren aldeko ekitaldian "terrorismoa goratu" zuela leporatuta. Herriko tabernen auzian ere auziperatua dago Otegi, eta kasu horri heldu dio abokatuak behin-behineko askatasuna eskatzeko.

Epaileen ustez, Otegi auzi horregatik orain libre geratuko balitz, "ihes egiteko arrisku handia" legoke, epaiketa urte bukaerarako aurreikusten dutelako eta diote politikariak hamar eta hamalau urte arteko espetxe zigorra izan dezakeela.

Vicente Gonzalez Mota fiskala eta Dignidad y Justicia herri akusazioa ezker abertzaleko kidea libre geratzeko eskaeraren aurka azaldu dira. Horiek diote Otegik Espainiako Estatutik irteteko zeukan debekua hautsi zuela iaz, "bi aldiz joan zelako Frantziara ETAkoekin egoteko".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.