'Bateragune auzia'

Auzitegi Nazionalak berretsi egin du Arnaldo Otegiren inhabilitazioa

Atzera bota du Sortuko idazkari nagusiak inhabilitazioaren inguruan jarritako babes helegitea. Gorenean helegitea jartzeko aukera dago.

Arnaldo Otegiren aldeko kartela, Elgoibarren. GORKA RUBIO, ARGAZKI PRESS
Hodei Iruretagoiena
2016ko urtarrilaren 18a
07:27
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak berretsi egin du Otegiri jarritako inhabilitazio berezia, presoak erabaki horren aurka aurkeztutako babes helegitea atzera botata. Babes helegitean, Otegiren defentsako abokatuak argudiatu zuen ezin ziotela inhabilitazio zigorra ezarri, Auzitegi Nazionalak ez zuelako zehaztu neurri horrek zein karguri eragiten zion.

Auzitegi Nazionaleko epaileak ez dira sartu auziaren sakonean, eta ez dute zehaztu "kargu publikoetarako inhabilitazio bereziak" zein karguri eragiten dion. Lehen agindutakoa berrestera mugatu dira, beraz: "inhabilitazio berezia" daukala Otegik, 2021eko otsailaren 28ra arte. Oraingoz, ordea, zehaztu gabe dago hauteskundeetara aurkezteko aukerarik izango duen ala ez.

Aurrekariak

Auzitegi Gorenera jotzeko aukera dauka orain Otegiren defentsak, inhabilitazio zigorraren aurka egin edo haren eragina murrizteko. Ez dago irizpide argirik gaiaren inguruan, baina bai aurrekari batzuk. Iker Casanova EH Bilduko parlamentariaren kasuan, adibidez, Auzitegi Konstituzionalak ebatzi zuen, karguak zehazten ez badira, ezin dela inhabilitazio zigorra ezarri.

Gorenak Herriko tabernen auzian zigortutakoen inguruan emandako autoa ere izan daiteke aurrekari bat. Orduan, Joseba Permachi, Rufi Etxeberriari, Juan Kruz Aldasorori, Joseba Alvarezi, Karmelo Landari, Jon Gorrotxategiri, Floren Aoizi eta Antton Morcillori jarri zien Auzitegi Nazionalak inhabilitazio berezia, eta AVTk eskatuta, Gorenak zehaztu zuen zigortuek ezin zutela "herritarrek maila lokalean, autonomikoan, estatuan edo nazioartean aukeratutako izaera politikoko kargurik" bete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.