politika

Auzitegi Nazionalak bihar jakinaraziko du Rufi Etxeberria, Permach, Aldasoro eta Alvarez aske utziko dituen edo ez

Batasuneko kideen behin-behineko espetxeratzealdia bukatu den aztertu du gaur. "ETAren agindupean" aritzea eta 'herriko tabernen' bidez erakundea finantzatzea egozten diete.

2009ko irailaren 3a
14:12
Entzun
Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Juan Kruz Aldasoro eta Joseba Alvarez Batasuneko kideen behin-behineko espetxeratzealdia bukatu dela-eta, Espainiako Auzitegi Nazionalak gaur aztertu du haiek preso segitu behar duten edo ez, behin-behinean aske utzi edo ez, eta bihar emango du erabakiaren berri. Behin-behineko espetxeratzea beste bi urtez luza daitekeen aztertu du, hain zuzen.

Joan den maiatzean ere izan zuen gai hori eskuartean Auzitegi Nazionalak, eta haiek aske ez lagatzea erabaki zuen. Batasunekoek "ihes egiteko arrisku handia" dagoela uste zuten Fernando Garcia Nicolas, Angel Hurtado eta Enrique Lopez magistratuek, eta atzera bota zuten defentsak egindako eskaera.

35/02 sumarioan prozesatuta daude Etxeberria, Permach, Aldasoro eta Alvarez. "ETAren agindupean" aritzea eta herriko tabernen bitartez hura finantzatzea leporatzen die Auzitegi Nazionalak. Magistratuen arabera, "Batasunan izandako jardueragatik ETAren parte direla pentsatzeko nahiko arrazoi daude". Ustez horrela izateagatik 10 eta 14 urte arteko kartzela zigorra jaso dezakete. Horiekin batera bertze 36 lagun daude inputatuta sumario berean. Baina ez daude denak kartzelan.

2002ko martxoan ireki zuen sumarioa Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak, eta bost hilabete beranduago Batasunaren jarduera etetea agindu zuen. Sumarioa joan den urteko apirilean itxi zuen ikerketak 800 liburuki pilatu eta gero.

Alvarez 2007ko urriaren 2an atxilotu zuten, Etxeberria, Permach eta Aldasoro bi egun beranduago -Segurasko (Gipuzkoa) polizia operazio zabalean-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.