Atzo Espainiako Auzitegi Nazionalko Fiskaltzak egin zuen eskariari erantzunez Pablo Ruiz epaileak terrorismoa goratzea egotzita inputatu egin ditu Oier Eizmendi Leitzako (Nafarroa) alkatea eta jaietan txupinazoa bota zuten bi herritar, Saioa Iraola eta Lurdes Juantorena. Hiruek datorren ostegunean joan beharko dute deklaratzera.
Epaileak gertatutakoa ikertzeko txostenak egiteko eskatu dio Guardia Zibilari eta Polizia Nazionalari. Txosten horiek eta jadanik Foruzainek eginda dutenak auzia abiarazi ala ez erabakitzen lagunduko diote Ruiz epaileari.
Txupinazoan euskal presoak Euskal Herriratzeko eskatzen duten zapiak erakutsi zirela eta, aurretiazko diligentziak abiatzeko eskatu zuen atzo Javier Zaragoza fiskalburuak, abuztuaren 10ean Leitzan gertatu zirenei buruz Foruzaingoak egindako txostena jaso ostean. Egun horretan euskal presoenganako babes eta omenaldi ekitaldiak egin zirela uste du Fiskaltzak.
Auzitegiari igorritako txostenean, fiskalak jaso du udalbatzak prestatutako festa egitarauan manifestaziorako deia egiten dela, Euskal preso eta iheslariak etxera goiburupean. Presoen aldeko topa egiteko deia egitarauan egotea ere "terrorismoa goratzea" egozteko arrazoien artean dago Zaragozaren ustez.
Lurdes Juantorena eta Saioa Iraolari, berriz, elastikoan Jone Lozano herriko presoaren irudia eramatea egozten die. Txupina bota ostean presoen "babeserako hitzak" izatea ere egotzi dio Iraolari. Lekukoek, ordea, ukatu egin diote Berria.info-ri hori horrela gertatu izana, eta hitzaldia emakumeen borrokaren inguruan izan zela eta Jone herriko mugimendu feministako kide gisa gogoratu zutela adierazi diote.
Horretaz gain, suziria botatzerako unean beste herritar batzuek euskal presoen eskubideen aldeko maindireak erakutsi zituztela ere gaineratu du fiskalak txostenean.