ATXILOKETAK

Auzitegi Nazionalak ikerketa hasi du torturak ikertzeko

Ismael Moreno epaileak zabaldu du ikerketa, lau atxiloturen testigantzaren ondotik. AAMk salatu du urte hasieratik 21 pertsonak pairatu dituztela torturak polizia etxeetan, eta horietako lau erietxera eraman behar izan dituztela.

2010eko otsailaren 26a
15:10
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak ikerketa abiatu duela jakinarazi du AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, argitzeko azken hilabeteetan atxilotutako pertsonetako lauk torturarik jasan ote duten polizia etxeetan. "Epaileari zuzenean adierazi diote jasandako tratua. Horren ondorioz, eta deklarazioen sinesgarritasunaren ondorioz, epaileak berak ikerketa berezia zabaltzeko agindu du, ikusteko benetan zer gertatu den", adierazi du Haritz Eskudero abokatuak.

Datu gordina eman du AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduak: urtea hasi zenetik, hiru egunean behin tortura salaketak izan dira. Guztira 21 pertsonak salatu dituzte torturak urte hasieratik, eta horietako lau ospitaleratu egin behar izan dituzte.

AAMk salatu du Espainiako Gobernuak "helburu politikoak lortzeko" baliatzen duela tortura. "Torturaren bidez inkulpazioak lortzen dituzte, eta inkulpazio hauek froga bezala erabiliko dira ondoren, atxilotuak eta torturatuak izan diren herritarren aurka. Torturaren bidez beldurra hedatzea bilatzen dute". Hedabideen jarrera ere salatu du AAMk, tortura salaketak "isilarazi" egiten dituztelakoan.

Torturarekin amaitu behar dela berretsi du AAMk. "Une politikoaz asko hitz egiten ari da Euskal Herrian. Benetako prozesu demokratiko bati bidea emateko urratsak egiten ari dira. Baina espainiar gobernuak bortxakeria intentsitatez handiz erabiltzen dihardu euskal herritarren aurka. Torturaren erabilpena maila gorenera eramaten ari dira". Horren aurka mobilizatzera dei egin du AAMk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.