POLITIKA

Auzitegi Nazionalaren autoak ez ditu aipatzen Amaiurreko eta ERCko diputatuak

Espainiako Auzitegi Nazionalak Dignidad y Justicia taldearen helegitea aintzat hartuta, 2012ko urtarrilaren 28an Logroñoko espetxean eginiko ekitaldia ikertuko du, han zeudenek "terrorismoa goratu" zutelakoan. Espainiako hainbat hedabidek hasieran esan dute ekialdian parte hartu zuen diputatu abertzaleak ikertuko zituela, baina autoan ez da horien aipamenik.

2013ko otsailaren 11
17:15
Entzun

Amaiurreko diputatu Rafa Larreina, Xabier Mikel Errekondo, Jon Iñarritu eta Maite Aristegi, koalizioko diputatu ohi Iñaki Antiguedad eta ERCko diputatu Joan Tarda ikertuko zituela zabaldu da hasiera batean, baina autoan ez da horien inongo aipamenik ageri.

Iazko urtarrilean Logroñoko espetxearen kanpoaldean Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia askatzearen alde egin zen ekitaldia ikertuko du berriro Auzitegi Nazionalak.

Iaz artxibatu egin zuten auzia

Epaitegiak auzia artxibatu egin zuen iazko martxoan, baina helegitea jarri zuen Dignidad y Justiciak, eta helegite hori tramitera onartu du epaileak. Argudiatu duenez, epaitegia soilik txosten polizialetan oinarritu zen auzia artxibatzeko, eta ez zituen gertakariak ikertu.

Epailearen arabera, "ez dago zalantzarik" ekitaldiak "nolabaiteko zigor garrantzia" duela, ikerketa bat abiatzeko adinakoa. Ekitaldi horretan "terrorismoa" goratu ote zuten ikertuko du epaileak. Helegitea onartzeko autoan azaltzen denez, Otegi "heroitzat" jo zuten, eta hori "terrorismoa goratzea" izan liteke.

Hainbat arlotako lagunek parte hartu zuten

Arnaldo askatu, politika askatu plataformak ekitaldi bat antolatu zuen iazko urtarrilaren 28an, Otegiren delitu bakarra "bakeari ateak ireki nahian aritzea" izan zela aldarrikatu eta haren askatasuna eskatzeko.

Politika, kazetaritza, kultura, sindikalismo eta unibertsitate arloko pertsonak bildu ziren Logroñoko espetxearen kanpoaldean. Hain justu, kartzela horretan da ezker abertzaleko buruzagia.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.