'Parot doktrina'

Auzitegi Nazionalaren ebazpenaren ostean, bederatzitik zortzi kalean

Auzitegi Nazionalak bederatzi preso aske uztea erabaki du gaur, eta horietatik zazpi kalean dira jada: Patxi Gomez, Joseba Artola, Txomin Troitiño, Jokin Sancho, Luis Mari Azkargorta, Isidro Garalde, Iñaki Urdiain eta Elias Fernandez. Zigor Aretoko epaileek Gorenaren erabakiaren zain ez egotea erabaki dute gaurko osoko bilkuran. Bozketan zortzina berdindu dute alde eta kontra zeudenek, eta Grande-Marlaska aretoko presidenteak baldintzatu du bozketa, kalitatezko botoarekin. Aske gelditzeko falta den bakarra Jon Aginagalde donostiarra da.

Patxi Gomez, txapelarekin, kalean. BERRIA
2013ko azaroaren 8a
21:11
Entzun

Auzitegi Nazionalak ez dio itxaron Auzitegi Gorenari, eta gaur bertan Parot doktrinaren eraginez espetxean zeuden ETAko bederatzi preso aske uztea erabaki du. Patxi Gomez ortuellarra arratsaldean atera da Basauriko espetxetik. 1989an espetxeratu zuten, eta 2006an zuen ateratzeko urtea jarrita. 2009an aske utzi zuten doktrinaren ezartzearen inguruko zalantzak zeudela eta, baina 2012an espetxeratu egin zuten. Joseba Artola ere —Jone Artola txupineraren anaia—, 2006an zen ateratzekoa, eta 2016ra arte luzatu zioten; 1986tik zegoen espetxean. Arratsaldean utzi du Daroca espetxea. Txomin Troitiño Galizian egon da preso (Curtis, A Coruña). 1989an espetxeratu zuten, eta 2006an zen ateratzekoa. 2017ra arte luzatu zioten. Jokin Sancho eta Luis Mari Azkargorta, Zuerako espetxean zeuden (Zaragoza, Espainia), Isidro Garalde Puerto de Santa Marian (Cadiz, Espainia) Iñaki Urdiain Valentzian eta Elias Fernandez Asturiasen.

Aske gelditzeko falta den bakarra Jon Aginagalde donostiarra da.

Bederatzi horiek dira, beraz, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak urrian hartu zuen erabaki historikoa eta gero, Ines del Rio eta Juan Manuel Pirizen ondoren espetxetik aterako diren hurrengo presoak. Estrasburgoko Auzitegiaren erabakiak jurizprudentzia ezartzen duela-eta hartu dute erabakia Auzitegi Nazionalean. Gaineratu du aske uzteko erabakiak berehala duela eragina, eta ondorioz, Gomezen ondoren espero da datozen orduetan ateratzea espetxetik besteak. 

Garalde, Puerton gaixo

Datozen orduetan joango dira aske uzten gainerakoak ere. Etxeraten azken zerrendaren arabera, Garalde Puerto de Santa Marian (Cadiz, Espainia), Urdiain Picassenten (Valentzia, Herrialde Katalanak), Aginagalde Granadan (Espainia) eta Fernandez Villabonan (Asturias, Espainia) daude. Isidro Garalde, gainera, espetxean gaixotasun larriak dituzten presoen artean dago. Izan ere, bihotzeko kardiopatia iskemikoa eta prostatako hiperplasia benignoa ditu.

Ostiralero aztertuko ditu Auzitegi Nazionalak presoen helegiteak. Bere kabuz erabakiko ditu Parot doktrinaren eraginez espetxean dauden presoen helegiteak. 52 dira Estrasburgoko erabakian oinarrituta Auzitegi Nazionalean helegitea jarrita duten presoak.  Fiskaltzak eskatu zuen 2006. urtearen aurreko eta ondorengo espetxealdia arintzeko neurriak bereizteko, baina Auzitegi Nazionalak ebatzi du bederatzi horiei ez diela horrek eragiten.

Gorenak, asteartean

Auzitegi Gorenak asteartean hartuko du erabaki bat Parot doktrinaren inguruan. Bost helegite dituzte hor mahai gainean. Gaur lau orduko bilera baten ondoren osoko bilkuran hartu dute erabakia Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko hamazazpi epaileek. 09:40an hasi dute bilkura.

Estrasburgoko auzitegiak Parot doktrinaren kontra emandako epaiaren aurrean Gorenak zein jarrera hartu erabaki arte, doktrina hori ezarria duten presoen eskaerak ez aztertzeko eskatu zuen Zigor Aretoko presidente Fernando Grande Marlaska epaileak. Gaur, ordea, zortzi botoko berdinketa hautsi du presidenteak kalitatezko botoarekin.

Gainera, Fiskaltzak asteazkenean 11 presoren inguruan bidali zizkion txostenak ere ez ditu kontutan hartu Auzitegi Nazionalak. Fiskaltzak gaur aurreratu dituzten presoen helegiteak ez onartzeko eskatu zuen. Aipatutako bederatzi horiez gain, Jon Ander Urkizurena eta Raul Ibañezena ez onartzeko ere eskatu zuen.

Del Rioren kalte-ordaina ez dute aztertu

Horrez gain, Zigor Aretoak aztergai zuen Ines del Riori kalte-ordaina ez ematearen kontra preso ohiak aurkeztutako helegitea. Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ebatzi zuen Espainiak 30.000 euro ordaindu behar zizkiola Del Riori, 2008az geroztik espetxean izateagatik. Gai hori, ordea, ez dute gaur aztertu.

Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz Gallardonek zehaztu zuen ez ziotela diru hori emango Del Riori, argudiatuta preso ohiak zorrak zituela Espainiarekiko —Del Riok eragindako biktimei pagatu beharreko kalte-ordainak Espainiak bere gain hartu zituela eta—, eta zor hori kitatzeko erabiliko zutela diru hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.