Euskal presoak

Auzitegi Nazionalaren Zigor Salak bilera egingo du zigorren bateratzeari buruz

Apirilaren 10ean bilduko da. Salako presidente Fernando Grande-Marlaskak geldiarazi egin du Luxenburgori galdera egiteko hainbat magistratuk zuten asmoa. 

Fernando Grande-Marlaska, zigor aretoko presidentea. R.GARCIA, EFE
Ainhoa Oiartzabal Azketa.
2015eko martxoaren 20a
11:17
Entzun

Eztabaida handia dago Espainiako Auzitegi Nazionalean presoen espetxe zigorren bateratzeari buruz. Irizpide desberdinak dituzte epaileek, eta ez datoz bat Europako zuzentaraua betearazteari buruz. Horri buruz eztabaidatzeko, Zigor Sala osoa bilduko da datorren apirilaren 10ean.

Auzitegi Gorenak emaniko azken ebazpenekin konbentziturik ez dauden magistratuen ekimenaren harira bilduko da Zigor Sala. Hirugarren ataleko magistratuek Luxenburgoko Auzitegira jo nahi zuten galdetzera nola ezarri espetxe zigorren bateratzeari buruzko Europako zuzentaraua. Baina Zigor Salako presidente Fernando Grande-Marlaskak bere horretan utzi du ekimena, eta, areto osoaren bilerara deitu du auziaz eztabaidatzeko.

Europako Kontseiluak 2008an onartu zuen 2008/675 legea. Horren arabera, herritar batek herrialde batean espetxe zigor bat bete badu, urte horiek kendu egin behar zaizkio antzeko delitu batengatik beste herrialde batean jarritako zigorrari. 

2010eko abuzturako legean jasoa behar zuen araua iazko abenduan bihurtu zuen lege organiko Espainiak. PPk salbuespen batzuk txertatu zituen, gainera, euskal presoei espetxealdia murriztea saihesteko: 7/2014 Lege Organikoa.

Auzitegi Gorenean ere eztabaida

Urtarrilean, Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota zuen Kepa Pikabeak zigorrak batzea eskatzeko aurkeztu zuen helegitea. Eta desadostasunak agerian gelditu ziren orduan ere: bederatzi epailek babestutako erabakiaren aurka egin baitzuten seik. 

Ildo beretik, joan den astean, Gorenak baliogabetu egin zuen Plazaola eta Arrospide aske uzteko Auzitegi Nazionalak abenduan hartu zuen erabakia. Espainiak 7/2014 Lege Organikoa indarrean sartu bezperan ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak, eta, beraz, lege horren salbuespenak aintzat hartu gabe erabaki zuen presoen alde. Hala egin ezean legea atzera eragintasunez ezartzea litzatekeela argudiatu zuen.

Bi presoak aske utzi zituzten Auzitegi Nazionaleko Zigor Salaren lehen ataleko epaileek babes helegitea aurkeztu zioten Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusi CGPJri. Izan ere, uste dute adierazpen askatasunaren muga gainditu zutela eurek ebatzitako erabakien gainean Espainiako Gobernuari hainbat kidek esandakoek: "Delituak egoztea da adierazpen askatasunaren muga".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.