Politika

Auzitegi Nazionalean deklaratu ondoren aske geratu dira beste zazpi euskal herritar

Zazpi euskal herritar Espainiako Auzitegi Nazionalean izan dira gaur deklaratzen. Askatasunak jakinarazi duenez, guztiek ukatu egin dute leporatzen zitzaien bono laguntzen banaketarekin zerikusia izan zuteneik. Deklarazio hartzearen ostean, epaileak aske utzi ditu guztiak inongo neurri judizialik gabe.

2006ko maiatzaren 23a
21:07
Entzun
Guardia Zibilak joan den apirilaren 18an Ibon Meñika gaztea atxilotu zuen kontrol batean. Guardia Zibilaren arabera ETA erakundearentzako diru laguntza eskatzen zuten 90 txartel zeramatzan autoan atxilotu zutenean; "ETA finantzatzea" leporatu zioten eta Santiago Pedraz epaileak lau egun inkomunikatuta egon ostean gaztea baldintzarik gabe espetxeratzeko agindu zuen. Ondoren, Askatasunak gogorarazi duenez, apirilaren 24ean, "Sandra Barrenetxea atxilotu, inkomunikatu eta torturatu zuten". Barrenetxea ere espetxeratu zuten egun batzuren ostean aske geratu bazen ere. Meñikak zein Barrenetxeak salatu zituzten torturak epailearen aurrean.

Ondoren maiatzaren 16an Ibon Meñikarekin batera beste bost euskal herritarrek deklaratu behar izan zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean. Askatasunak jakinarazi duenez, guztiek azaldu zuten "ez zutela zerikusirik leporatzen zieten bono banaketarekin". Bost euskal herritar aske utzi zituzten inongo neurri judizialik gabe. Ibon Meñikak, baina, espetxean jarraitzen du.

Gaur, polizia txostenetan oinarrituta deitu dituzte beste zazpi euskal herritar deklaratzera. Askatasunak emandako datuen arabera Itziar Agirretxek, Iban Arestik, Ekaitz Ordorikak, Roberto Arranzek, Urko Betanzosek, Eider Lopezek eta Iosune Eroak aurkeztu behar izan dute Espainiako Auzitegi Nazionalea. "Aurreko astean bezala, denek ukatu dute txosten polizialean agertzen dena", azaldu du Askatasunak. Epaileak, guztien deklarazioak entzun ostean, aske utzi ditu inongo neurri judizialik gabe.

Askatasunak salatu duenez, azken bi hilabeteetan "errepresioak ez du etenik izan". Eta azpimarratu du "atxiloketak, inkomunikazioa, torturak, herritarren galdeketa judizialak, polizi ezberdinen kontrolak eta jazarpenak, 18/98 epaiketa, ertzaintzaren kargak eta atxiloketak eta abar bizi dugun demokrazia ezaren amaigabeko irudiak direla".

Era berean, Espainiari eta Frantziri "estrategia errepresiboa" albo batera uzteko eskatu die Askatasunak. Hori dela eta eskatu du, "bizi dugun gatazka politikoari irtenbidea emateko beharrezkoak diren berme demokratikoak berehala indarrean jartzea". Horiek gabe, ezinezkoa litzatekeelako Askatasunaren ustez, prozesu demokratiko bat abiatzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.