Josu Uribetxebarriaren diagnostikoa ezagutu berritan, Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak preso gaixoari hirugarren gradua aplikatu eta baldintzapean aske uzteko aukera aztertzeko eskatu dio Espetxeetako Zuzendaritzari. Jose Luis Castro Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epailea ordezkatuz egin du eskaria Pedrazek. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, berriz, presoak espetxeko ospitalean "tratamendu egokia" jaso dezakeen argitzeko txostena eskatu dio auzitegiko medikuari.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak adierazi du bihar arratsaldean hartuko duela Auzitegi Nazionalak Uribetxebarriaren inguruko erabakia, alegia, hirugarren gradua aplikatuko zaion edo ez. Fernandez Diazen esanetan, gose greba hasi duten presoek eta ezker abertzaleak ez dutela inolako "errukirik" azaldu Ortega Lararen senideekiko, eta ekintza horiek ez dute epailearen erabakian eraginik izango. Barne ministroaren arabera, bihar goizean espetxeko mediku batzordeak idatzizko proposamena egitea aztertuko du. Presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizitza arriskuan jartzen duela ulertzen badute, Espainiako Estatuko Espetxe Zuzendaritzak onartu beharko du baldintzapeko askatasuna emateko eskaria. Azkeneko erabakia, Espainiako Auzitegi Nazionaleko espetxe zaintzako epaileak du.
Gaur Donostiako Ospitaleak ohar bidez jakinarazi du Uribetxebarriaren osasun egoerak ez duela bueltarik. Senideei eta Espetxe Zuzendaritzari preso gaixoaren egoeraren berri eman zaiela azaldu du. Orain bitarte egindako proben emaitzek Uribetxebarriaren minbizia txarra dela baieztatu dute medikuen esanetan, eta gaixotasuna sendaezina dela.
Herrira mugimenduak atzo aurreratu zuen presoaren egoera "ezin larriagoa" dela, eta etzi eguerdirako manifestazio nazionala antolatu du Bilbon, Giza Eskubide guztiak. Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean. Euskalduna jauregitik abiatuko da manifestazioa, 12:30ean. Uribetxeberriaz gain, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten gainontzeko hamahiru presoak ere bereziki gogoan izango dituzte. Zortzi kilo galdu ditu jada arrasatearrak, Herrira-ren arabera, eta "oso ahul" dago. Ospitaleak gaurko oharrean dio presoaren egoera egonkorra dela. Terrorismoaren biktimen elkarteak manifestazioa debekatzeko eskatu dio Auzitegi Nazionalari.
Uribetxebarria presoak bederatzigarren eguna du gaur gose greban. Presoak iragan asteko astearte gauerdian hasi zuen baraualdia ospitaleko ziegan, jasaten ari den "muturreko egoera" salatzeko. Uribetxebarriak minbizia du, metastasiarekin.
Indarra hartuz doa presoa aske uzteko deiadarra
Egunotan alderdi politiko eta gizarte eragileek egindako askatasun adierazpenei beste hainbeste batu zaizkie gaur. Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia Donostiako Ospitalean izan da, Herrira-ren eguneroko elkarretaratzean. Mintegik esan du Uribetxebarriaren egoerak muga jo duela eta aske uzteko erabakia ezin dela egun barkar bat gehiago atzeratu. Preso gaixo guztien askatasuna galdegin du Mintegik.
Erabakia gehiago atzeratu gabe presoa aske uzteko eskatu du Odon Elorza PSE-EEko diputatuak ere. Gaspar Llamazares IUko diputatuak eskari bera egin du, "justiziaz eta gizatasunez" hala izan behar duelako.
Etxerat-ek emandako azken datuen arabera, 541 preso politiko inguru borrokaldian dira 64 espetxetan, preso gaixoaren "berehalako" askatasuna eskatzeko. Euskal preso gehienek gose greba mugagabeari ekin diote, eta gainontzekoak bestelako borrokak ari dira egiten: ziegetan itxialdiak, espetxeko janariari uko egitea, elkarretaratzeak, propaganda banatzea, Barne Ministeriora eta Espetxe Zuzendaritzara gutunak bidaltzea, txandaka baraualdiak egitea eta abar.