Auzitegi Nazionaleko epaileek aho batez erabaki dute Ines del Rio aske uztea

Fiskaltzak Auzitegi Nazionalera igorri duen txostenean argudiatu du beste aukerarik ez zuela uzten Estrasburgoko erabakiak. Del Rio Galizian dago preso, Teixeiroko espetxean, eta ordu batzuk barru geratuko da libre. Amaia Izko abokatuak jaso du jakinarazpen ofiziala. Espetxetik gertu da senide eta lagunekin, eta Joxerra Senar BERRIAko kazetaria zuzeneko kontakizuna egiten ari da handik.

Teixeiroko espetxea, eguerdian. JOXERRA SENAR
2013ko urriaren 22a
08:21
Entzun

Estrasburgok atzo hartu zuen erabaki historikoaren ondoren, Auzitegi Nazionalak gaur goizean egin duen ezohiko bileran Ines del Rio preso tafallarra aske uztea erabaki du. Ordu eta erdi iraun du bilerak, eta erabakia aho batez hartu dute. Argudiatu dute erabakiaren aurka ez dagoela helegitea aurkezterik eta Estrasburgoren epaiak derrigor bete beharrekoak direla Giza Eskubideen Ituna sinatu zuten estatuentzat.

Auzitegi Nazionalera igorri duen txostenean Fiskaltzak ere esan du Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiak ez duela beste aukerarik uzten, eta urratu diren eskubideak bere onera ekartzeko modu bakarra dela Del Rio aske uztea. Estrasburgoren erabakia ofizialki ez zuen arren, Auzitegi Nazionalak Fiskaltzari jakinarazi zion atzo bere iritzia eman zezan. Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoko hamazazpi epailek hartu dute erabakia.

Presoaren senide eta lagunak Teixeiroko espetxean daude goizetik, erabakiaren zain, eta eurekin da Joxerra Senar BERRIAko kazetaria. Kazetari andana bildu da espetxe atarian. Auzitegi Nazionalak bere erabakia espetxera helarazi eta bete beharreko agiriak bete ondoren aterako da kalera Del Rio. Berez, 2008ko uztailean behar zuen libre, baina Parot doktrina ezarri zioten, eta espetxealdia 2017. urtera arte luzatu. 1.917 dira Del Riok "legez kanpo" espetxean eman dituen egunak, gaurkoa zenbatuta, Estrasburgok atzo ebatzi zuenez.

Gaur, soilik Del Rioren kasua

Auzitegi Nazionaletik, baina, goizean goiz aurreratu dute gaur Del Rioren kasua soilik aztertuko zutela. Zigor Aretoko epaileak 09:15ean bildu dira Estrasburgok hartu zuen erabakia aztertzeko. Ezohiko bilerara zeuden deituta, atzokoak eraitsi egin baitu azken zazpi urteetan presoen espetxealdiak luzatzeko erabili duten doktrina.

Estrasburgok Del Rio "lehenbailehen" aske uzteko eskatu zuen 2008tik espetxea "legez kanpo" dutela ohartaraziz. Urte horretako uztailean behar zuen aske preso tafallarrak baina Parot doktrina ezarrita  2017ra arte luzatu zioten espetxealdia. 

Ostiraletik aurrera, kasu gehiago

Ostiralean Zigor Aretoko epaileek ohiko bilera egingo dute, eta atzoko erabakiarekin aske geratu behar duten beste presoen kasuak aztertzen hasi beharko dute. Gainera, helegitea Auzitegi Nazionalean aurkeztu zuten bi presoren egora aztertu beharko dute Zigor Aretoko epaileek: Juan Manuel Piriz Portugaleteko presoarena eta Joxepa Ernagarena. Parot doktrina ezartzearen aurka aurkeztu zituzten helegiteak aztertu beharko ditu Auzitegi Nazionalak.

Guztira, ETAko 60 preso daude espetxean 197/2006 doktrinarekin espetxealdia luzatuta, EPPKko 56 eta Langraitz bidea hartu zuten lau. Auzitegi Nazionalak aurreratu du jada kasuz kasu aztertuko duela bakoitzaren egoera, alegia, ez dituela ofizioz aske utziko eta preso bakoitzaren eskaera jaso zain egongo dela. Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskalak ere esan du Del Rioren kasuan aske uzteko eskatu izanak ez duela esan nahi beste kasuetan ere hori egingo duenik.

Auzitegi Nazionalean horiek gain beste 30 helegite inguru dituzte erabakiaren zain. Del Rioren kasua eraman duten abokatuek atzo aurreratu zuten doktrinaren eraginez espetxean jarraitzen duten preso guztiak aske uzteko eskatuko dutela datozen egunetan. Gaur bertan Londresko Auzitegi Gorenak Antton Troitiñoren egoera argitu beharko du, 15:00etan. Ekainean estradizioa ukatu zuten, Estrasburgoren erabakiaren zain.

Sei helegite Konstituzionalean

Espainiako Justizia eta Barne ministroek garbi esan zuten atzo justizia auzitegiei dagokiela erabaki hartzea. Del Riok babes helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Konstituzionalean, baina hark, auzia aztertu artean, ukatu egin zion behin-behinean libre uzteko aukera. Hori horrela, helegitean atzera egin zuen Del Riok, eta Estrasburgora jo zuen zuzenean.

Edonola ere orain espero da Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako ebazpena bere egingo duela Konstituzionalak, Auzitegi Nazionalak gaur aipatu dituen arrazoiengatik. Gaur egun, sei helegite daude aztergai epaitegi horretan Parot doktrinaren kontra. Hain justu, iragan ostiralean berretsi zion doktrina Auzitegi Gorenak Juan Mari Gabirondori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.