'NAPARRA'-REN AUZIA

Auzitegi Nazionaleko fiskalak Naparra bilatzeko eskatu du

Ismael Moreno instrukzio epaileari igorritako idatzi batean, Javier Zaragoza fiskalburuak adierazi du Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra-ren senideek datu berriak aurkeztu dituztela eta horiekin haren arrastoak dauden "leku zehatza" identifika litekeela.

Paco Etxeberria auzi medikua, Naparra-ren anaia Eneko Etxeberria eta Iñigo Iruin abokatua, Donostian. J.C. RUIZ / ARP
2016ko urriaren 7a
09:55
Entzun

1980ko ekainaren 11n desagertu zen Naparra Komando Autonomo Antikapitalistetako kidea (Iruñea, 1958); Ziburun (Lapurdi) hitzordu bat zuen. BVE Batallon Vasco Españolek bere gain hartu zituen haren bahiketa eta hilketa, baina kasua, bi aldiz auzitegietan izan arren, ez da argitu. Orain, informazio "erabakigarria" erdietsi dute sendiak eta Iñigo Iruin abokatuak: "estatu terrorismoarekin" lotutako pertsona batek jakinarazi du non egon daitekeen lurperatuta hilotza. Mont de Marsan (Frantzia) iparraldera dagoen udalerri batean kokatu du tokia, haritzen paraje batean —Ziburutik autoz ordubete ingurura—.

Joan den astean eman zuten horren berri Paco Etxeberria auzi medikuak, Naparraren anaia Eneko Etxeberriak eta Iñigo Iruin abokatuak. Orain, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburu Javier Zaragozak egin du hura bilatzeko eskaria. Gogorarazi du bere garaian Baionako Auzitegiak eginiko ikerketak ez zuela ondoriorik azaleratu eta BVEko bi kideri hartutako deklarazioek mertzenario frantziar batzuk jarri zituztela jomugan. Auzia 2004an itxi zuen Auzitegi Nazionalak, bahiketa eta hilketaren egileak ezin identifikatuta.

Zaragozak azpimarratu du auzia ez dela preskribatu, prozedura judiziala 1999an abiatu zelako eta, beraz, ez direlako hilketa auziak preskribatzeko hogei urteak igaro.

2014an NBE Nazio Batuen Erakundeak desagertze behartu modura onartu zuen kasua, eta gomendioak egin zizkion Espainiako Gobernuari; ezer ez, ordea. Senideek zaila zuten aurrerabideren bat aurkitzea. Baina 2015eko bukaeran, Iñaki Errazkin kazetariak informazio baliagarri bat jaso zuen: Naparra lurperatu zuten tokiaren kokapena. Hori jaso, eta Iruinengana jo zuen Errazkinek abenduan, abokatuak dioenez. Informazio hori eman duena espainiar bat da; Iruinen esanetan, 1970eko urteen amaieran eta 1980koen hasieran "estatu terrorismoarekin" lotura eduki zuen. Egun, Hego Amerikan bizi da. "Ikerketa ondo joan dadin", jendaurrean ez dituzte eman haren izena eta Naparraren gorpua egon daitekeen toki zehatza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.