Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak terrorismoa goratzea egotzi dio Ahotsa.info hedabideari, 2018ko urtarrilaren 5ean eta 13an argitaratutako bi albisterengatik. Albiste haietan, "euskal preso politiko" deitu zien hedabideak EPPK-ko kideei. Ahotsa.info-ko kide bat deklaratzera deitu dute gaur goizean Espainiako Poliziak Iruñean duen egoitzara. Deklaratzeari uko egin, eta aske utzi dute eguerdirako. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren esku geratu da orain auzia.
Ahotsa.info-k salatu du ez dela jasan duten lehen "erasoa", eta adierazi du aurrera jarraituko dutela. Era berean, gogorarazi nahi izan du euskal prentsak urteetan zehar mehatxu eta etengabeko erasoak jasan dituela.