Euskal herria

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Leitzako alkatea auzipetzeko eskatu du, ETA goratzea leporatuta

Lurdes Juantorena eta Saioa Iraola ere auzipetzeko eskatu du, fiskal buruaren hitzetan, txupinazoan presoen hurbilketa eskatzeagatik.

2011ko irailaren 1a
15:21
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Oier Eizmendi Leitzako (Nafarroa) alkatea auzipetu du abuztuaren 10ean, herriko jaietan, txupinazoa botatzeko ekitaldia ETA goratzea leporatua. Hain zuzen, herriko jaietako egitarauan presoen aldeko brindisa izatea salatu du Javier Zaragoza fiskal buruak eta horregatik deklaratzera deitzeko eskatu dio epaileari.

Aldi berean, Lurdes Juantorena eta Saioa Iraola ere auzipetu ditu. Fiskal buruaren hitzetan Juantorenak presoen hurbilketa eskatzen zuten afixak zeramatzan eta Iraolak aldarrikapen hori egin zuen hitzaldian. Lekukoek, ordea, ukatu egin diote BERRIA.INFOri hori horrela dela, eta hitzaldia emakumeen borrokaren inguruan izan zela adierazi diote.

Foruzaingoaren txosten batean oinarritu da Zaragoza salaketa horiek egiteko. Nafarroako Gobernua izan zen Foruzaingoari gertatutakoaren inguruko txostena eskatu ziona, Udalak Ikurren Legea bete ote zuen argitzeko. Foruzainek, ordea, ezin izan zituzten identifikatu udaletxeko balkoira sei presoen argazkiak zituen pankarta atera zuten ezezagunak; burua estalita atera ziren.

Fiskaltzak dio Euskal Herriaren mapa zuen pankarta bat ere eskegi zutela beste bi ezezagunek udaletxeko balkoitik, eta ondoren Euskal preso eta iheslariak etxera lelopean manifestazioa egin zutela. Horregatik identifikatu ahal den orori deklarazioa hartzeko eskatu du.

Zaragozak epaileari bidali dion idatziaren arabera presoak publikoki babestu eta goratzeak "ekintza terroristen zuzenestea eta burutu dituztenak txalotzea dakar". Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Bilduko alkate bat auzipetzea eskatu duen lehen aldia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.