Frankismoa

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak uko egin dio Gonzalez Pacheco estraditatzeko eskariari

Frankismo garaian torturak egitea egotzitako polizia ohiari leporatutako delituak, aspaldikoak izanda, baliogabe utzi behar direla dio. 

Jose Antonio Gonzalez Pacheco Auzitegi Nazionaletik ateratzen, iazko abenduaren 5ean. J.C HIDALGO, EFE
arantxa iraola
2014ko urtarrilaren 31
18:40
Entzun

Ezetz. Ez dela Antonio Gonzalez Pacheco estraditatu behar; halaxe adierazi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Frankismo garaian torturak egin zituela leporatuta, Argentinako Maria Servini epaileak egina du polizia ohi hori estraditatzeko eskakizuna, baina Fiskaltzaren sostengurik ez du izango. Alaba eta bikotekidea dituela gogorarazi du fiskalak, eta "errotuta" dagoela Espainian. Estraditatzeko egindako eskakizunarekin lotutako auziekin, gainera, egun ez duela loturarik nabarmendu du.

Jesus Muñecas polizia ohiarekin batera Pacheco da, gaur egun, frankismoan egindako krimenengatik auzipetutako pertsona bakarra. Biek Auzitegi Nazionalera joan behar izan zuten abenduan, eta estradizio eskariaren berri eman zieten bertan. Muñecasen auzibideari buruzko azalpenik ez du jakinarazi oraindik fiskalak.

Lehendik ere mintzatu da Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza estradizioen kontra. Delituak, epaitzekotan, Espainian epaitu beharko liratekeela esan zuen abenduaren 26an auzitegiko fiskalburu Javier Zaragozak. «Espainiarrek egindako delituak dira, espainiarren kontrakoak, Espainian egindakoak». Argi utzi zuen Servini epailearen aurrean ez dituela ikusi nahi bi auzipetuak. «Izan ere, lehentasunezko jurisdikzioa dugu Argentinako auzitegien aldean».

Fiskalak eskatuta, auzipetuen kontrako hainbat neurri kautelar onartu zituen epaileak abenduan: astero epaitegian aurkeztu behar dute, Espainiatik irtetea galarazita daukate, pasaportea erretiratuta, eta aurkitzeko moduan egon behar dute denbora guztian. Neurri horiek «beste kasu askotan» egin ohi duen eran eskatu zituela zehaztu nahi izan zuen Javier Zaragozak, deus apartekoa ez zirela nabarmenduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.