Tortura

Auzitegi Nazionaleko medikuak salatu dituzte, “tortura babesteagatik”

Argentinako mediku talde batek salaketa bat jarri du Munduko Mediku Elkartearen aurrean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko medikuek tortura kasuen berri izan eta horren inguruan ezer egin ez dutela iritzita. Afera ikertzeko eskatu diote elkarteari.

Salaketa egin duten medikuak, gaur, Bilbon. ARGAZKI PRESS
gotzon hermosilla
2015eko ekainaren 2a
07:47
Entzun

Munduko Mediku Elkarteari igorritako salaketan, sei kasuren berri ematen dute Argentinako medikuek: Ainara Bakedano, Anabel Prieto, Beatriz Etxebarria, Sandra Barrenetxea, Gorka Lupiañez eta Unai Romanorenak, hain zuzen. “Askoz gehiago ziren”, azaldu du Susana Etchegoyen Argentinako medikuak: “Baina horiek aukeratu ditugu, oso ongi dokumentatuta daudelako”. Auzi horietan guztietan, tortura salaketez gain, auzitegi medikuen txostena ere badago. Zenbait kasutan, auzitegi medikuek atxilotuen lesioak ere jaso eta deskribatzen dituzte, baina behin ere ez zituzten torturak salatu.

Munduko Mediku Elkartearen irizpideak arlo horretan oso argiak dira: auzitegi medikuak “eragile pribilegiatutzat” jotzen ditu, atxilotuekin harreman zuzena izateko aukera dutelako, eta mediku horiek tortura zantzuen berri izan eta hori salatzen ez dutenean, “torturaren konplize” gisa hartzen ditu.

Medikuek azaldu dute euren salaketa ez dela mediku zehatzen kontrakoa, jasotako kasuetan parte hartu zuten auzitegi medikuen izen-abizenak agertzen diren arren, eta ez dutela zigor eskaerarik egin: “Munduko Mediku Elkarteari eskatzen diogu esku har dezan, ikerketa bat abian jar dezan. Elkarteari dagokio horren inguruan zein neurri hartzen duen erabakitzea”. Gogoratu dute duela hamar bat egun Munduko Mediku Elkarteak berak salatu dituela, hain zuzen, Iraken tortura kasuetan parte hartu duten medikuak. “Pentsatzen dugu elkarteak ez dituela bi irizpide desberdin erabiliko, eta Espainiaren kasuan ere berdin jokatuko duela”, azaldu du Etchegoyenek.

Munduko Mediku Elkarteari igorritako txostenean, Jaiki Hadi elkarteko kideen kontrako polizia operazioaren auzia ere gehitu dute Argentinako medikuek. “Horretan ere elkartearen irizpideak oso argiak dira”, esan dute, “eta pentsatzen dugu oso larria dela presoen arta medikoaren ardura duten profesionalei jazartzea, horien lana babestu beharrean”.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.