Auzitegi Nazionaleko auzi medikuaren txostenaren arabera, Zaballako espetxeko osasun zerbitzuetan artatu dezakete Josu Uribetxeberria preso gaixoa, eta, beraz, ez du zergatik ospitalean egon behar, Donostiako Ospitalearen eta Leongo Ospitalearen (Espainia) txostenek diotenaz bestera. Auzi medikuaren txostenak dioenez, oraingo tratamendua kartzelan jaso dezake presoak, baina erradioterapia jaso edo ebakuntzarik egin behar izanez gero, presoak ospitalean egon beharko du. Bestalde, tratamendu jakin bat jaso ostean, gaixotasunak hobera egin ote duen erabakitzeko azterketa berri bat "egokia" litzatekeela ondorioztatu du.
Auzi-medikuak adierazi du Uribetxeberriaren egungo egoera ez dela "hilurreko" eri batena. "Diagnostikatutako gaixotasun tumorala oso pronostiko txarra du epe luzera; hala ere, gaur egun gaixoa ez dago fase terminalean eta bakarrik sintoma kliniko arinak ditu", dio auzi-medikuak Auzitegi Nazionalarentzat egindako txostenean. Dena den, Uribetxebarriaren egoeraren larritasuna aintzat hartu du Auzitegi Nazionaleko medikuak. Auzi medikuak onartzen du hiltzeko arrisku duela: ezaugarri berdinekin gaixoen %50a 11,3 hilabete edo gutxiago bizi izaten da.
Balditzapean aske uzteko erabakia Espetxe Zaintzako epailearen esku dago. Auzitegi Nazionaleko fiskalak oraindik ez du eman iritzirik.
Iragan ostiralean, ospitaleko diagnostikoa jaso berritan, Espetxeetako Zuzendaritzako Idazkaritza Nagusiak hirugarren gradua eman zion Uribetxebarriari, presoaren gaixotasun larri eta sendaezinak haren bizia arriskuan jartzen duelakoan. Hain zuzen, Donostiako Ospitalearen txostenak dio Uribetxebarriaren egoera "atzera bueltarik gabekoa" dela. Expetxeetako Mediku Batzordeak honela adierazi zuen: "Espetxeetako erietxeak ez dira lehen mailako arreta zerbitzuak". Jorge Fernandez Diez Espainiako Gobernuako Barne ministroak ere berriki berretsi du Uribetxebarriaren gaixotasunak ospitalean egotea eskatzen duela.
Erradioterapia jasotzeko zain dago presoa
Bitartean, Uribetxebarriak preso jarraitzen du, eta Etxerat elkarteak gogorarazi du "muturreko egoeran" dela. Bi asteko gose grebaren ondoren, Uribetxebarria tratamendua jasotzeko prestatzen ari dela jakinarazi du Etxerat-ek. Hain zuzen, astelehenean proba batzuk egingo dizkiote ospitalean, gero burezurreko erradioterapia saioak hasi ahal izateko, buruan duen metastasi anizkoitza tratatzeko. Uztailean atzeman zizkiotenetik, nabarmen hazi zaizkio buruko noduluak. Gainera, birikan ere nodulu gaiztoa du presoak, dagoeneko 18,5 milimetroko diametroa duena.
Etxerat-ek gogorarazi du Uribetxebarriaren kasuan kontuan hartu behar direla bestelako hainbat datu ere. Batetik, bi asteko gose grebaren ondoren, defentsek behera egiten dute, eta horrek gaitza areagotu dezake; are gehiago giltzurrun bakarra duela jakinik —2005en diagnostikatu zioten minbizia lehenengoz, eta giltzurrun bat kendu zioten orduan—. Bestetik, Uribetxebarriak espetxe erregimena bete behar du. Gainera, 56 urte ditu, eta azken hamabostak espetxean igaro ditu. Espetxean egoteak sortzen duen estresa kaltegarria da, medikuen arabera. Gauzak hala, "muturreko egoeran" dela eta kalean egon behar lukeela aldarrikatu du Etxerat-ek, "dagokion tratamendua zorrotz jaso dezan".