Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak hitzordua jarri die biharko Faisan auzia ikertzen aritu ziren hiru poliziari. Zehazki, epaileak poliziei argibideak eskatuko dizkie Faisan tabernako nagusi Joseba Elosuak ustez kaleko telefono batetik egindako deiei buruz; Garzonek jakin nahi du telefono hori zaintzapean zuten edo ez, eta, hala izatekotan, etakideren bati deitu ote zion Elosuak. Polizien erantzunen arabera erabakiko du Garzonek Frantziari eskatu edo ez deiei buruzko informazio xehetua.
Auzitegi Nazionalak aginduta hasi ditu eginbideak Garzon epaileak. Izan ere, Auzitegi Nazionaleko 2. aretoak ikerketan sakontzeko agindu zion atzo epaileari. Auzitegiak argudiatu duenez, "aurrekaririk gabeko larritasuna" izango luke egindako salaketak egiaztatzeak, Poliziak ETAri bere aurka egitekoa zuen operazio baten berri eman izana delako akusazioa. Hori "talde terroristari laguntza ematea" eta sekretuak zabaltzea litzakeela ohartarazi du Auzitegiak. "Oso larria" dela hori, eta, beraz, ikerketa bide guztiak egin behar direla. Fiskalak auzia artxibatzeko eskatua du, baina herri akusazio gisa ari den Dignidad y Justicia elkarteak ikerketa gehiago egiteko eskatu zuen, eta auzitegiak onartu egin du eskea.
Hiru poliziari deklarazioa hartzeko agindu zion auzitegiak atzo, eta gaur deitu ditu Garzonek. Horrez gain, Joseba Elosua Faisan tabernaren jabeak telefono kabinatik egindako deiei buruzko informazioa helarazteko eskatu beharko dio Frantziari. Ustez, iraultza zerga-rekin lotura zuen etakide baten deiei buruzko informazioa eskatzeko ere agindu dio.
Auzitegiaren ustez, ETAri bere aurkako operazioaren berri eman ziotenek poliziak behar dute izan; "modu batera edo bestera 2006ko maiatzaren 4an egitekoa zen operazioaren berri zutenak".
Fiskalak, auzia artxiba dadila eskatzeko, hiru urtean ez dela errudunik aurkitu argudiatu zuen, eta auzipetuta zeudenen aurka egiteko delitu zantzurik ez dagoela. Auzitegiak ohartarazi duenez, "ikertu ez diren beste norabide batzuetan" egin beharko da ikerketa orduan, zenbait alorren inguruan ez baita orain arte inolako azterketarik egin.
'FAISAN AUZIA'
Auzitegiak aginduta, hiru polizia biharko deitu ditu Garzonek
Ikerketan parte hartu zuten poliziak dira hirurak. Auzitegi Nazionalak atzo agindu zion Garzoni gehiago ikertzeko auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu