Goizeko 11:30etan sartu da Uria Donostiako Auzitegiko 1. instrukzio epaitegira, Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon zen bost egunetan jasan zituen torturen salaketa berrestera. 11:15etatik jende talde handia zegoen bilduta 'Egunkaria'-ko kontseilari ordezkari zenari babesa adierazteko, Egunkariaren Aldeko Elkarteak antolatutako kontzentrazioan. Txalo zaparradarekin agurtu dute Uria Auzitegi barrura sartu denean.
'Torturarik ez' jartzen zuen pankartaren atzean zeuden, besteak beste, Iñaki Uriaren guraso Iñaxio Uria eta Gurutze Manterola, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusia, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari eta 'Egunkaria auzia'-n auzipetua, eta egoera berean diren Xabier Oleaga, Xabier Alegria eta Pello Zubiria. Halaber, kontzentrazioan ziren Xabier Letona 'Argia'-ko zuzendaria, Teresa Toda 'Egin auzian' auzipetua eta Joan Mari Larrarte BERRIA argitaratzen duen EKT enpresako zuzendari nagusia.
12:20tan atera da Uria deklaratzetik, Jose Mari Elosua abokatuarekin batera. Irteeran azaldu du funtsean 2003ko martxoan egindako tortura salaketa berretsi duela, baina zenbait azalpen erantsi dituela. Besteak beste, tortura saioetan oin bat lesionatu ziotela, eta hura sendatzeko bost hilabetez birgaitze tratamendua egin behar izan duela. Tortura desagertarazi egin behar dela aldarrikatu du Uriak, eta horretarako inkomunikazioa ezabatu behar dela. Halaber, beste herrialde batzuetan torturen aurka erabiltzen diren protokoloak aplikatzeko galdegin du, hala nola, polizia etxeetan bideo kamerak jartzeko. Uriak oroitarazi du Espainiako poliziek erabiltzen dituzten tortura metodoek ez dutela arrasto fisikorik uzten —berak jasan zituen boltsa eta pistola mehatxua aipatu ditu—, eta, ondorioz, neurri zorrotzak hartzea ezinbestekoa dela nabarmendu du.
Uria ez ezik, TAT Torturaren Aurkako Taldeko Aihert Larrarte ere mintzatu da kazetariekin. Larrartek esan du 'Egunkaria'-ren aurkako operazioan atxilotutakoek jasandako torturek oihartzun handia izan zuten arren, halako kasuak askoz ere gehiago direla. Azkenaldian, tortura salaketa asko izan direla azpimarratu du, eta gizarte guztiaren egitekoa dela praktika hori desagertarazteko indarra egitea.
'Egunkaria'-ren aurkako operazioa gaur 29 hilabete
Uria eta 'Egunkaria'-n ardura karguak izandako beste 8 lagun eta Xabier Alegria 2003ko otsailaren 20an atxilotu zituzten (gaur 29 hilabete). Haietako hainbatek, Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta izan zituzten aldian torturak jasan zituztela salatu zuten. Martxelo Otamendi zuzendariak Madrilgo Guardia Auzitegian jarri zuen sañleta, eta epaitegi hark artxibatu egin zuen. Helegitea aurkeztu zuten Otamendiren abokatuek erabaki horren aurka, baina haren gaineko erabakirik ez du oraindik hartu Auzitegi Probintzialak.
Iñaki Uria kontseilari ordezkariak, Xabier Oleaga zuzendariorde izanak eta Xabier Alegriak Gipuzkoako Probintzia Auzitegian jarri zuten salaketa. Alegria duela bi hilabete deitu zuten deklaratzera; Uriak, berriz, gaur du hitzordua. Oleagak ez du oraindik deklaratzeko deirik jaso.
'Egunkaria Auzia'
Auzitegian torturen testigantza berretsi ondoren, inkomunikazioa ezabatzeko eskatu du Uriak
2003ko martxoaren 27an Donostiako Lurralde Auzitegian ezarritako tortura salaketa berretsi eta zabaldu du gaur Iñaki Uria 'Egunkaria'-ko kontseilari ordezkari zenak, aipatu auzitegiko 1. instrukzio epaitegian. 'Egunkaria'-ren aurkako operazioan atxilotu, eta Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon zen bost egunetan egin zizkioten torturen berri eman dio epaileari, eta, besteak beste, azaldu dio oin batean egin zioten lesioa sendatzeko bost hilabetez egon behar izan duela tratamenduan. Irteeran, inkomunikazioa ezabatzeko eta torturak eragozteko behar diren neurriak hartzeko eskatu du Uriak. Donostiako Justizia jauregiaren atarian jende talde handia bildu da Uriari babesa adierazteko, Egunkariaren Aldeko Elkarteak egindako deialdiarekin bat eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu