Auzolan nazionala antolatzea adostu izanak «jauzia» dakar, NGBren hitzetan

Burlatan eginiko Nazio Eztabaidaren ondorioen berri eman du Nazio Garapenerako Biltzarrak

AINHOA SARASOLA DONOSTIA
2006ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Euskal Herriak nazio gisa bizitzeko eta garatzeko dituen lehentasunen inguruan eztabaidatu zuten Euskal Herri osoko norbanako eta eragileek Burlatan, urriaren 28an eta 29an eginiko Nazio Eztabaidan. Bilkura hartako ondorio nagusiak azaldu zituzten Jagoba Zulueta eta Garbiñe Bueno NGB Nazio Garapenerako Biltzarreko kideek atzo. Eta Burlatako bilkuran Nazio Plana garatze aldera adostutako «pauso erabakigarrien» artean bi azpimarratu zituzten: Udalbiltza berrantolatzeko beharra, eta auzolan nazionala antolatzeko erabakia. Hain zuzen, eragileak auzolana antolatzearen inguruan adostu izanak egungo egoerari «jauzia» ematen diola azpimarratu zuten Zuluetak eta Buenok.

Buenok azaldu zuen Euskal Herrian lan handia egiten dela «nazioaren biziraupena eta garapena bermatzeko». Gainera, egitasmoek herritarren eta instituzioen sostengua eta laguntza jasotzeko lana «gogotik» egin behar izan dela ere gogoratu zuen. «Baina auzolan nazionala antolatzeko adostasunak jauzi bat ematen dio egoerari», biltzarkidearen arabera, «Euskal Herriak eman behar dituen urrats berriek oinarri eta indar berriak behar dituelako». Hartara, auzolana nazio mailan antolatzeak herritarren indarrak eta gogoak piztu eta egituratzea ekar dezakeela iritzi zion. Horregatik guztiagatik, zeregin horri ekingo dio NGBk.



NAZIO PLANA GARATZEA XEDE. Buenok azaldu zuenez, «herritarren parte hartzea eta lana antolatu eta auzolanaren bidez lehentasunezko nazio egitasmoak indartzeko» asmoz ekingo diote zeregin horri NGBtik. Eta Nazio Eztabaidan adostutako Nazio Planean biltzen diren lehentasunak garatzea izango du helburu auzolan horrek. Hain zuzen, «eraikuntza prozesua eraginkorra izan dadin, Nazio Planean biltzen diren lehentasunak materialki hornitu, eta herritarrek nazio eraikuntzan egin nahi duten ekarpena behar bezala bideratzeko eta egituratzeko» xedez ariko dira lan horretan.

Auzolanerako eragile guztien artean baliabideak sortzeko erronka aipatu zuen Buenok, eta baliabide horien antolakuntzari ekiteko hiru eremu zehaztu: batetik, auzolanerako boluntarioen deialdia egitea eta nazio mailako zerrenda osatzea; bestetik, auzolanerako konpromisoak zehaztea; eta hirugarrenik, herri estrategiaren bidez eta haren arabera kudeatuko den diru funtsa osatzea.



UDALBILTZA. «Euskal Herriak nazio instituzio eraginkorrak» behar dituela jabetuta daude herri eragileak, Buenoren hitzetan. «Horregatik, egun dugun nazio instituzio bakarraren egoeraren inguruanargi gorria piztu beharrean gaude, zatiketak irauten duelako». Nazio eraikuntzak aurrera egiteko Udalbiltzaren berrantolatzearen beharra mahaigaineratu zuen, Nazio Eztabaidatik ateratako bigarren ondorio nagusi gisa. Eta horretarako, Udalbiltzako hautetsi eta arduradun politikoei erantzukizunerako deia egin zien. Baina gaiak herritar oro kezkatu behar lukeela iritzita, NGBk eragile sindikal eta sozialak Udalbiltzaren berrantolatzearen beharraz ohartarazteko eta haien «atxikimendua, elkarlanerako jarrera eta konpromisoa» sustatzeko lan lerroa ireki duela jakinarazi zuen. Hartarako batzorde bat eratuko dela gehitu zuen.

Zuluetak azaldu zuen urte osoan Udalbiltzaren bi parteekin lan egin duela NGBk, «interlokuzioa zabalduz» eta berrantolatzeko beharra mahai gainean jarriz. Bi aldeetan borondatea ikusi du NGBk. Gainera, «Udalbiltzaren sorrerako egoera politikoa, ETAren su-etena barne, berreskuratzea eskatzen zelarik parte baten aldetik», hilabeteotako egoera hori dela eta zatiketarako arrazoi nagusiak «indargabetuta» daudela iritzi zion. Hala, NGBk elkarlanerako eta zatiketa gainditzeko bidea bultzatuko duela erantsi zuen.



Herritarren hitzaren aldeko dinamika zabala bultzatzea xede

Nazio eraikuntzak aurrera egiteko, gatazka modu demokratikoan konpontzea ere lehentasunezkotzat du NGBk. Hartara, Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa eta konponbiderako mahaia eratzearen beharra ekarri zuen gogora Zuluetak. Eta «behar-beharrezkotzat» jo zuen «herritarren hitza eta erabakiaren alde dagoen gehiengo sozial eta politiko horri aurpegia jartzea, kalera ateratzea eta Euskal Herriaren hitza eta erabakiaren defentsa politikoa egingo duen herri dinamika ahalik eta zabalena bultzatzea». Ildo horretan OHDren sinatzaileek aurkeztuko duten dinamika babestea izan zen Burlatako beste ondorioetako bat.

Bestelako gaien berri ere eman zuen Zuluetak. Euskal Herriaren eskubideen gaineko azterketatik Burlatan ondorioztatu zen haien urraketa «sistematikoa» dela, eta alderdi zein eragileei egoeraren berri ematea ebatzi zen. Aberri Egun bateratuaren aldeko apustua, Zuberoaren egoerari aurre egiteko ekimenak, .eus domeinuaren aldarria edo lurraren inguruko eztabaida ere aipatu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.