Urtarrilean, Gorka Urtaran alkatearen gobernuak ideia lehiaketa bat aurkeztu zuen, Gasteiz Antzokia eraikitzeko proiektu proposamenak jasotzeko. Ideia irabazlea ez da zertan gauzatuko dena izan, lehiaketako baldintzetan azaldu zutenez.
Proiektu irabazlea Taller Basico de Arquitecturaren Il sogno del Palazzo izan da. Egitasmo horrek proposatzen du Auzolana frontoia bota, eta lurpeko frontoi bat eraikitzea. Lurpeko frontoiaren gainean, Gasteiz Antzokia eraikiko litzateke, proiektuaren arabera.
Polemika sortu da azken urtean, Auzolana frontoia botatzea aurreikusteagatik. Izan ere, pilotalekua ofizialki udalarena da, baina auzokide biltzar batek kudeatzen du, 2008. urtetik. Ordutik, Txapa Ahotsa Asanblada arduratzen da pilotalekua kudeatzeaz eta mantentzeaz. Auzolana pilotalekua ekintza askotarako erabiltzen denez, eta funtzionatzen duenez, ez dute nahi botatzea.
Duela bederatzi urte jarri zen abian Gasteiz Antzokia sortzeko proiektua. Gasteizko euskaltzaleak urte askoan aritu dira eskatzen euskaldunak elkartzeko gune bat. Azkenean, udalak iaz planteatu zuen Eskoriatza-Eskibel jauregian eta inguruetan kokatzea. Proiektua aurrera eramatekotan, azaldu zutenez, obrak bi fasetan egingo lirateke: lehendabizi, kafe antzokia eraikiko litzateke, eta, ondoren, Eskoriatza-Eskibel jauregia zaharberritu, asmoa baita Oihaneder Gasteizko Euskararen Etxea bertara lekualdatzea.