Arratsaldeko 17:30erako hamar minitu falta zirenean sartu da Joseba Alvarez Auzitegi Nazionalera. Berarekin batera, hiru abokatu: Jone Goirizelaia, Arantza Zulueta eta Zigor Reizabal.
Alvarezi babesa eskainiz hainbat lagun hurbildu dira Auzitegi Nazionalaren atarira. Besteak beste, Mauro Bulgarelli Italiako Berdeetako Diputatua eta Europako Legebiltzarreko babes taldeko kidea eta Angeles Maestro Corriente Roja-ko kidea eta IUko diputatu ohia. Era berean, Jose Luis Elkoro, Pablo Gorostiaga, Imanol Iparragirre eta Ana Lizarralde izan dira bertan.
Martxoaren 9ko greba eta mobilizazio egunaren harira ezker abertzaleko hainbat kideren kontra Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande Marlaskak abiatu zituen ekimenekin aurrera jarraituz, Joseba Alvarez Batasuneko buruzagiak deklaratu behar du gaur arratsaldean, inputatu gisa. Arnaldo Otegiri, berriz, ostiralean, hilaren 24an, jarri dio hitzordua.
Orain arte Rafa Diez LABeko idazkari nagusiak, Pernando Barrena Batasuneko buruzagiak, Juan Mari Olano Askatasunekoak eta Juan Joxe Petrikorena Batasuneko Komunikazio arduradunak deklaratu dute auzi horretan. Lehen biak aske utzi zituen bermepean, eta azken biak baldintza gabe espetxeratzeko agindu zuen.
Auzitegi Nazionala
AVTk baldintzagabeko espetxeratzea eskatu du Joseba Alvarezentzat
Epaileak 20:15-20:30 bitartean deitu ditu aldeak, orduan jakinaraziko die erabakia. AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak baldintzagabeko espetxeratzea eskatu du Joseba Alvarez Batasuneko buruzagiarentzat. Dignida y Justicia elkarteak, berriz, 300.000 euroko bermea ezartzeko eskaria egin du. Alvarezek uko egin dio Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratzeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu