AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak larunbatean plazak betetzeko Herrira mugimenduak egindako deialdia debekatzeko eskaera egin du, Espainiako Auzitegi Nazionalean. AVTren arabera, gisa horretako kontzentrazioak erabiltzen dituzte "ETAko presoen argazkiak erakutsi eta haren aldeko kontsignak oihukatzeko". Hori egitea "terroristen ekintzak zuritzea eta goratzea da", erakundearen ustez.
Ekinaldion helburua, idatzian nabarmentzen duenez, "ez da ETAko presoei babesa eta elkartasuna adieraztea besterik", eta "terrorismoaren biktimen memoriari ofentsa eta umiliazioa egitea da argi". Egungo espetxe politika salatzeko aitzakiarekin protestara ateratzen direnak, gainera, "kondenatu izan dituzten ETAren militanteak dira". Horregatik, "terrorismoa goratzeagatik" delitua egon daitekeelako eskatu du debekatzea.