AVTk preso gaixoen aldeko martxa debekatzeko eskatu du

Martxa debekatzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari, "indarkeria goratzen" delako eta "biktimak umiliatzen" direlako. Lau etapako ibilaldia bihar abiatuko da Donostiako ospitaletik eta Arrasaten amaituko da. 

2012ko abuztuaren 28a
18:20
Entzun

AVT Terrorismoaren Biktimen Elkarteak preso gaixoen aldeko martxa debekatzeko eskatu dio Espainiako Auzitegi Nazionalari, "indarkeria goratzen" delako eta "biktimak umiliatzen" direlako. Ertzaintzari, Guardia Zibilari eta Espainiako poliziari ibilaldia deitu duten eragileen inguruko txostenak eskatzea galdegin dio AVTk epaileari. Baita deialdiaren atzean legez kanpoko erakunderik dagoen ikertzeko ere. Terrorismoaren Biktimen elkartearen testuan Auzitegi Nazionalak dagoeneko presoen aldeko bi manifestazioa debekatu dituela gogorarazten da, "terrorismoa goratu" litekeelako. 

Hamalau pertsona ezagunek dei egin dute gaixorik larri dauden hamalau presoak aske uzteko eskaera plazaratzeko martxa batean parte hartzeko. Gaixo dauden 14 presoak etxera lelopean, martxa Donostiako Ospitaletik abiatuko da bihar, 11:00etan, eta, oinez, Arrasatera iritsiko da larunbatean. Ibilaldiak lau etapa izango ditu: Donostiako Ospitalea-Zarautz, Zarautz-Deba, Deba-Soraluze eta Soraluze-Arrasate.

Martxak hamalau pertsona ezagunen sostengua du, baita martxan parte hartzeko konpromisoa ere. Honako hamalau pertsona hauek dira ekimenaren deitzaileak: Naroa Iturri, Txaro Arteaga, Nekane Altzelai, Joan Mari Irigoien, Inaxio Kortabarria, Xabier Morras, Pello Iraizoz, Julio Soto, Juan Maria Feliu, Martxelo Otamendi, Andoni Egaña, Peio Dufau, Josu Juaristi eta Ramon Labaien. Pertsona guztien giza eskubide guztien errespetua ardatz izango duen aroa eraikitzeko bidean, "egungo espetxe politika traba nabarmena da", martxaren deitzaileen ustez. Bereziki, gaixorik dauden presoen egoera salatu dute, eta horiek askatzeko mekanismoak abiarazteko eskatu dute. "Uribetxebarriak legez eta eskubidez aske behar zuen arren, bere egoera krudelki luzatu dute", salatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.